Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelgo Gobernuak onartu egin du Gazako su-eten akordioa, eta igande honetako 08:30ean hasi beharko litzateke

Zortzi ministrok su-etenaren aurka bozkatu dute. Igande honetan abiatuko da su-etena, Gazan 08:30 direnean (07:30 Euskal Herrian).

Gazako su-etena iragarri zeneko ospakizunak. Argazkia: EFE
Gazako su-etena iragarri zeneko ospakizunak. Argazkia: EFE
Gazako su-etena iragarri zeneko ospakizunak. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Gobernuak Hamasekin Gazako Zerrendarako adostutako su-etena onartu du bart. Hala, eten egingo dira borrokaldiak Palestinako eremu horretan igande honetako 08:30ean (Euskal Herrian 07:30), eta 2023ko urriaren 7an milizia palestinarrek bahitutako israeldarrak libre geratuko dira, 737 preso palestinar askatzearen truke.

"Gobernuak onartu egin ditu bahituen itzulerarako akordioak. Bahituak askatzeko egutegia 2025eko urtarrilaren 19an hasiko da, igandean", zabaldu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren komunikazio bulegoak X sare sozialean.

Israelgo Gobernuak zazpi orduko bilera baten ostean berretsi du akordioa, eta 24 ministrok bozkatu dute alde, eta 8k kontra, The Times of Israel egunkariak jakitera eman duenez.

Preso palestinarrak

Israelgo Justizia Ministerioak dagoeneko argitaratu du aske utziko dituen 737 preso palestinarren zerrenda, su-etenerako akordioaren lehenengo faseari dagozkionak.

Segurtasun kabineteak, bere aldetik, ostiral goizean eman dio 'argi berdea' akordioari, baina ministroen kontseiluak berretsi behar zuen, eta horixe egin du ordu batzuk geroago.

Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak iragarria zuen akordioaren alde egingo zuela, Yoav Kisch Hezkuntza ministroak bezalaxe. Azken horrek azpimarratu du lehentasuna eman diola bahituak askatzeari, akordioaren "kostu moral handia" gorabehera.

Bezalel Smotrich Finantza ministroa eta Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalekoa, berriz, Hamasekin egindako itunaren aurka agertu dira. Otzma Yehuditen buruak Benjamin Netanyahu lehen ministroari mehatxu egin zion alderdia gobernu-koaliziotik aterako zuela akordioak aurrera eginez gero.

Hiru fase

Zenbait hilabetez zeharkako elkarrizketak izan ostean iritsi den akordioak hiru fase izango ditu. Lehenengoak 42 egun iraungo du, eta borrokaldien amaiera ekarriko du, Israelgo tropak mugara gerturatzearekin eta bahitutako 33 israeldarrak preso palestinarrekin trukatzearekin batera.

Bigarren fasean, laguntza humanitarioa modu "seguruan eta eraginkorrean" banatuko dute Gazan, Israelek 15 hilabetez suntsitu duen lurraldean. Osasun azpiegiturak konponduko dituzte, eta hornidura zibila eta erregaia sartuko da. Lehenengo faseak aurrera egin ahala emango dituzte bigarren eta hirugarren faseen xehetasunak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina