Mundua -

Ekialde Hurbila

Meniaren lehen fasean, 33 bahituren truke 1.900 preso palestinar askatzea aztertzen ari da Israel

Lehen fase hori igande honetan abiatuko dute, eta sei astez arituko dira bahituak eta presoak trukatzen. Bigarren fasea su-etena indarrean sartu eta 16 egunera hasiko da.

Gazan bahitutako pertsonen irudi bat. Argazkia: EFE
Gazan bahitutako pertsonen irudi bat
Gazan bahitutako pertsonen irudi bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meniaren lehen fasean, 33 bahituren truke 1.904 preso palestinar askatzea aztertzen ari da Israelgo Gobernua. Bihar, igandea, hasiko dute trukea, su-etena indarrean sartuko den egunean, eta sei aste iraungo du. Palestinako Agintaritzak ez du oraindik informazio hori baieztatu, eta adierazi du trukeak gauzatzen direnean hitz egingo duela horretaz. 

Preso dauden 1.904 preso palestinarrak 42 eguneko epean utziko dituzte aske, beraz. 2023ko urriaren 7ko erasoagatik sartu zituzten kartzelan horietako 1.167. Gainerako 737 presoak —odol delitu larriak dituzten 22 tartean— aurretik zeuden espetxean. Horien artean dago, besteak beste, Al Fatahko komandante ohi Zakaria al Zubaidi, Israelgo Justizia Ministerioak argitaratutako zerrendaren arabera.

Trukean, Hamasek hitzeman du 98 bahituetatik 33 utziko dituela aske lehen fasean. Hiru militar israeldar izango dira libre geratzen lehenak, baina larunbatero edo igandero, pixkanaka, gainerako bahitu guztiak askatuko dituzte, The Times of Israel hedabideak jakitera eman duenez.

Bizirik dagoen emakume, haur eta adineko bakoitzaren truke 30 preso palestinar askatuko dituzte; gaixo dauden 9 bahituen truke, 110 preso; emakume militar bakoitzeko, 50 preso; Avera Mengistu eta Hisham al Sayed bahituen truke, 60 preso. Bestalde, 2011n egindako akordio baten ostean askatutako 47 palestinar (gerora berriro kartzelaratu zituzten) ere irtengo dira espetxetik.

Halaber, iragarri dute Hamasek itzulitako bahituen gorpu bakoitzeko Israelek 1.000 atxilotutik gora askatuko dituela.

Horrenbestez, lehen fasea bukatuta, 65 pertsona geldituko dira Hamasen esku (batzuk hilik daude). Litekeena da bigarren faserako uztea horien askapena. Hain zuzen ere, su-etena indarrean sartu eta 16 egunera hasiko da bigarren fasea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila Hamas