Mundua -
aeb
Trumpek bere bigarren agintaldiari ekingo dio gaur: "Gure herria berreskuratzera goaz!"
Eguerdian egingo du karguaren zina Trumpek. Zeremonia Kapitolioaren barruan egingo da, Washington egunotan astintzen ari den hotz-bolada dela eta. Bezperan, igande iluntzean, "garaipenaren mitin handia" eman du, 20.000 jarraitzailerentzat tokia duen Capital One Arena pabiloian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatuak, Donald Trumpek, gaur (igandea) hasi ditu bere bigarren inbestidura ekitaldiaren atarikoak. Astelehen honetan, AEBko 47. presidentea kraguaz jabetuko da.
Trump senar-emazteak Palm Beachetik (Florida) iritsi ziren atzo Washingtonera, bertan 18:30 zirenean (23:30 GMT). Blair Housen igaro dute gaua, Etxe Zuriko gonbidatuen etxean. Goizean, alderdiko senatariekin Blair Housen gosaldu ostean, Arlingtongo hilerrira joango da eguerdian lore-eskaintza egitera.
Arratsaldean, mitina eman dute Trumpek eta Vancek Capital One Arenan, NBAko Washinton Wizardsen pabiloian, 20.000 ikuslerentzako tokia duen estadioan. Hitzaldiaren aurretik musika eta hainbat interbentzio izan dira. Errezoan hasi da ekitaldia, Kid Rocken aktuazioa izan da eta Stephen Millerrek hartu du lehenbizi hitza.
Agertokira igo denean, Trumpek esan du mugako segurtasun neurriak indartuko dituela, baina xehetasunak inaugurazio hitzaldian emango dituela. Agindu du, gainera, Venezuelako bandetako kideak AEBtatik botako dituela.
Kanpaina osoan bezala, migrazioaren gaiari berebiziko garrantzia eman dio gaurko hitzaldian, eta azaldu du Etxe Zurira iritsi bezain laster hainbat neurri hartuko dituela, "legez kanpoko migratzaileen indarkeria pairatu duen biktimei justizia zor" zaielako. "Bihar eguzkia ezkutatzen denerako, gure mugen inbasioa amaituta egongo da eta legez kanpoko kanpotarrak, modu batera edo bestera, euren etxeetara bidean egongo dira", esan du Trumpek, eta erantsi du historian inoiz ikusi gabeko "abiaduran" konponduko dituela "AEBko krisi guztiak".
Ekonomiari dagokionez, Tim Cook Appleren zuzendari nagusiarekin hitz egin duela eta hark "AEBn inbertsio handia egingo duela" iragarri du.
Kargu-hartzea Kapitolioan
Astelehen honetan hartuko du presidente kargua Trumpek. Egunari hasiera emateko, zeremonia erlijioso batean hartuko du parte, Etxe Zuriaren ondoko eliza batean.
Ondoren, Joe Biden presidenteari egingo dio bisita, tea hartuko dute eta elkarrekin joango dira Kapitoliora.
Egun hotza omen dator bihar: -4 eta -12 ºC bitarteko tenperaturak. Horregatik, kargu hartzeko ekitaldia Kapitolio barruan egitea erabaki dute.
Historian bigarren aldiz egingo dute inbestidura ekitaldia barruan. Ronald Reagan presidente hautatu zutenean (1985) ere, hotzak behartuta aldatu zuten ekitaldia lekuz.
Eguerdian egingo du karguaren zina, eta jarraian iritsiko da Trumpen hasierako diskurtsoa.
Kongresuan igaroko ditu agintaldiko lehen orduak. Bitartean, etxe-aldaketa egiteko aprobetxatuko dute.
17:00ak (22:00 GMT) jo orduko, Etxe Zurira joango da, eta han sinatuko ditu lehen neurriak. Gauean, dantzaldia izango dute Melaniak eta Donaldek.
Besteak beste, Javier Milei Argentinako presidentea, Georgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Santiago Abascal Espainiako ultraeskuinzalea izango ditu gonbidatu ekitaldian, eta eraikin barruan egongo dira diskurtsoa entzuten.
Jarraitzaileek, ostera, Capital One Arenan entzungo dute hizketaldia. Trumpek bertara joateko asmoa du bihar.