Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Netanyahuk ohartarazi du ez dela su-etenik izango Hamasek askatuko dituen bahituen zerrenda argitaratu arte

Su-etena 08:30ean jarri behar zen martxan, baina Israelgo lehen ministroak esan du ez dela hasiko talde islamistak zerrenda publiko egin arte. Hamasek "arrazoi teknikoak" argudiatu ditu askatu beharreko bahituen izenak adostutako ordurako eman ez izana justifikatzeko.

Benjamin Netanyahu artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak ohartarazi duenez, ez diote su-etenari ekingo (08:30ean hasi behar zen, Euskal Herriko 07:30ean) eta ez dituzte hainbat preso palestinar askatzeko beharrezkoak diren prestaketak hasiko (hala adostu zuten Hamasekin su-eten akordioan), talde islamistak ere askatu beharko lituzkeen hiru bahituen izenak jakinarazten ez dituen bitartean.

"Ez dugu eskemarekin aurrera egingo askatuko dituzten bahituen zerrenda jaso arte, adostutakoaren arabera. Israelek ez du akordioaren urraketarik onartuko", adierazi dute. "Erantzukizun bakarra Hamasena da", azpimarratu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak.

Israelgo Justizia Ministerioak igande honetan askatuko dituzten 95 palestinarren izenak argitaratu zituen ostiralean, Gazako su-eten akordioaren lehen fasean zehazten den bezala, hiru bahitu israeldarren truke, guztiak emakumeak.

Hamasek izen horiek Qatarko bitartekariei helarazi beharko lizkieke, eta horiek Israelgo Kanpo Inteligentzia Zerbitzuko (Mossad) buru David Barneari jakinaraziko lizkiokete, harek familiekin hitz egin dezan, baina Netanyahuren bulegoak adierazi du oraindik ez dutela informaziorik jaso.

Hamasek dio akordioarekin bat egiten jarraitzen duela, baina "arrazoi teknikoak" argudiatu ditu askatu beharreko bahituen izenak adostutako ordurako eman ez izana justifikatzeko.

Ben Gvirren alderdiak iragarri du Israelgo Gobernua utziko duela igandean, Hamasekin lortutako akordioa salatzeko

Bestalde, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa buru duen Botere Judua alderdiko hiru ministroek dimisioa aurkeztuko dute igandean, eta Israelgo Gobernua utziko dute Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduarekin lortutako su-eten akordioaren aurka protesta egiteko.

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak aurrera jarrai dezake Botere Judua koaliziotik irten arren, baina ez eskuin-muturreko beste alderdi handi batek, Alderdi Sionista Erlijiosoak, ere uko egingo balio. Alderdi hori ere akordioaren aurka dago. Ikusteko dago hurrengo egunetan zer gertatzen den.

Gazako bahituen senideek lehen fasearen ondoren gerrari berriro ez ekiteko eskatu diote Netanyahuri

Bestalde, oraindik Gazan dauden 98 bahituen senideek "premiazko deia" egin diote larunbat honetan Benjamin Netanyahuri, igandean hasiko den su-eten akordioaren fase guztiak garatzen direla bermatzeko, gatibu guztiak askatzeko eta 42 egun igaro ondoren gerrari ez berrekitea eskatzeko.

"Guk, 98 bahituen familiek, ongietorria ematen diogu bahitu guztiak etxera ekartzeko akordioari. Aurrerapen esanguratsua eta erabakigarria da, bahitu guztiak etxera itzultzen ikusiko ditugun unera hurbiltzen gaituena", esan du Bahituen eta Desagertuen Senideen Foroak.

Su-eten zirriborroaren arabera, lehen fasean 33 bahitu askatuko dituzte (19 urtetik beherakoak, 50 urtetik gorakoak, gaixoak eta emakumeak) preso palestinarren truke, eta bigarren fase batean, zibilak eta soldaduak, guztiak gizonak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu