Mundua -

AEB

Hilketak, hotzeri hilgarriak, dimisioak eta AEBko presidenteak zipriztindu dituzten hamaika pasadizo

AEBn jaiotakoak soilik izan daitezke Presidentetzarako hautagai. Ezinbestekoa da, halaber, herrialdean gutxienez 14 urtez bizitzea eta 35 urte beteta edukitzea. AEBko historian ez da inoiz emakumezko presidenterik izan.

Etxe Zuria. Artxiboko argazkia: EFE
Etxe Zuria
Etxe Zuria. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Presidentetza da herrialde horretako ardura kargu garrantzitsuena, eta 1789an George Washington lehen presidente aukeratu zutenetik mordoa dira urteen joan-etorrian pilatu dituzten pasadizo eta bitxikeriak

Trump AEBko 47. presidente izendatuko dute 2025eko urtarrilaren 20an. Agintaldi ez-jarraitua errepikatzen duen bigarren mandataria izango da (Grover Cleveland izan zen lehena, 1885 eta 1889 artean eta 1893 eta 1897 artean).

Egun, eta 1951tik, bi agintaldira mugatuta dago Presidentetza, baina aurretik ez zuen mugarik. Hala, Franklin D. Roosevelt (32. presidentea) lau agintaldi egon den presidente gisa, eta, besteak beste, Depresio Handia eta Bigarren Mundu Gerra harrapatu zituen.

Nor izan daiteke hautagai?

Hasteko, AEBn jaiotakoak soilik izan daitezke Presidentetzarako hautagai. Ezinbestekoa da, halaber, herrialdean gutxienez 14 urtez bizitzea eta 35 urte beteta edukitzea.

George Washingtonen kasuan, herritarrek hautatu beharrean, Hauteskunde Batzordeak hautatu zuen. Abraham Lincoln, berriz, herriak aukeratutako lehen presidentea izan zen, baita agintea hartu zuen lehen errepublikanoa ere.

Trump 78 urterekin helduko da agintera. Joe Bidenek 79 zituen presidente kargua hartu zuenean (inoiz egon den presidente zaharrena). Gazteena, aldiz, D. Roosevelt izan zen, 42 urterekin.

Agintaldiak

Presidente guztiek agortu dituzte agintaldiak, Richard Nixonek (37. presidentea) salbu, Watergate auziagatik dimisioa eman behar izan baitzuen. 70eko hamarkadaren hasieran herrialdea astindu zuen eskandalu horrek, Washingtongo Watergate bulegoetan dokumentuak ostu zituztelako, eta Nixonen Gobernuak lapurretaren egileak estali zituelako.

Ate berriak ireki zituzten John F. Kennedyk eta Barack Obamak ere, lehen presidente katolikoa izan zelako batak eta arraza beltzeko aurrenekoa izan zelako besteak.

Presidentetza laburrena, bestalde, William Henry Harrisonena (9. presidentea) izan zen. 32 egun egin zituen boterean. Karguaren zina egitean, bi orduko diskurtsoa eman zuen goiz oso hotz batean, berokirik gabe, eta orduan hartutako hotzeriak hil zuen.

Guztira, lau presidente hil dituzte gaur arte: Abraham Lincoln, James A. Garfield, William McKinley eta John F. Kennedy. Beste batzuek erasoak jasan zituzten; Ronald Reaganek, Andrew Jacksonek eta Gerald Fordek, hain zuzen.

Ibilbidea

Presidente gehienek Harvarden edo Yalen egin zituzten ikasketak. Askok Zuzenbide ikasketak hautatu zituzten, baina ingeniariak, kazetariak, aktoreak eta historiagileak ere egon dira agintean.

Orotara, 19 presidente errepublikano eta 16 demokrata izan ditu AEBk.

Kargu-hartzea

George Washingtonek esandako esaldi bat errepikatu ohi dute presidente guztiek karguaren zina egitean: "Jainkoak lagun nazala".

1933ra arte, martxoaren 4an egiten zuten inbestidura ekitaldia, Kongresua biltzen zen lehen egunean, baina harrezkero urtarrilaren 3an osatzen dute Kongresua, eta urtarrilaren 20an izaten da kargu hartzea.

Oraindik ere, munduan botererik handiena duen giltza da Etxe Zurikoa, behin hara iritsita sinatutako akordio orok herrialdea bera eta mundu osoa baldintzatzen baitute.

Emakumerik ez, agintean

Konstituzioak emakumeen boto-eskubideari buruz ezer esaten ez badu ere, egia da hasieran ez zutela bozkatzeko aukerarik. Azkenean, 1920an, 30 urteko borrokaren ostean, boto-eskubidea onartu zieten.

Mende bat geroago, Etxe Zuriak ez du emakumezko presidenterik izan. Hillary Clintonek eta Kamala Harrisek aukerak izan dituzte, baina bidean gelditu dira horien eginahalak. Harrisek, baina, emakumezko lehen presidenteordea izatea lortu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden