Mundua -
SU-ETENA GAZAN
Laguntza humanitarioa daramaten kamioiak Gazan sartzen hasi dira berriro, su-etena hasi ondoren
NBEk baieztatu du laguntza humanitarioa zeramaten 330 kamioi sartu direla gaur Gazako Zerrendara Egiptotik, su-etena hasi ondoren. Beste 4.000 kamioi prest daude Zerrendan sartzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Su-etena indarrean da Gazako Zerrendan, 2023ko azarotik lehenengo aldiz, Israelek eta Hamasek borrokaldiak etetea eta bahituak preso palestinarrekin trukatzea adostu ostean. Hain zuzen ere, bahituak askatzeko prozesuan izandako gorabeherek hiru orduz atzeratu dute meniaren hasiera, berez 07:30ean abiatu behar baitzen.
"Bahituak askatzeko egitasmoaren arabera, Gazako su-etenaren I. Fasea 11:15ean hasiko da" (Euskal Herriko 10:15ean), iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak X sare sozialean.
Igande arratsaldean libre utziko zituen hiru bahituen izenak jakinarazteko eskatu dio Israelek Hamasi su-etena abiatu aurretik. Mugimendu islamistak "arrazoi teknikoak" argudiatu ditu zerrenda lehenago ez emateko. Lehenik Qatarko bitartekariei bidali dizkie izenak, gero Israelgo inteligentzia zerbitzuei eta, azkenik, senideei jakinarazteko.
Abu Obeida Hamasen bozeramaileak, azkenean, publiko egin ditu arratsaldean libre geratuko ziren bahituen izenak: Romi Gonen, Emily Damari eta Doron Steinbrecher.
Hiru emakumeak zibilak dira. Gonen, 24 urtekoa, Nova musika jaialdian bahitu zuten, eta Damari (nazionalitate britainiarra ere baduen bahitu bakarra, 28 urtekoa) eta Streinbrecher (31 urtekoa) Kfar Aza kibbutzean bahitu zituzten.
Benjamin Netanyahuren bulegoak baieztatu du jaso duela zerrenda hori, eta segurtasun-indarrek xehetasun guztiak egiaztatu dituzte.
Koxka hori gaindituta, urak bere bidera itzuli dira, eta, planari jarraikiz, arratsaldean libre utzi dituzte hiru emakumeak.
Indarkeriak aurrera jarraitu du azken unera arte. Su-etena atzeratu ostean, Israelgo Armadak bonbardaketak egin ditu Gazako zenbait lekutan, eta 19 pertsona hil eta 36 zauritu ditu.
Israelek 45.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazako Zerrendan 2023ko urriaren 7an Hamasek erasoaldia egin zuenetik. Hildakoetako gehienak zibilak ziren, eta erdiak baino gehiago emakumeak eta haurrak.
Hiru bahitu 95 presoren truke
Bahitutako hiru emakume horiek arratsaldean utzi dituzte aske, 95 preso palestinar libre uztearen truke. Datorren igandean, beste lau emakume askatuko ditu Hamasek preso palestinarren truke.
42 eguneko akordioaren lehenengo fasean, Israelek eta Hamasek 33 bahitu israeldar 1.900 preso palestinarrekin trukatzea adostu zuten.
Fase honen 16. egunean, bigarren fasearen negoziazioa abiatuko dute bi aldeek. Orduan hasiko dira gizonezko bahituak askatzen, eta gerra amaitzeko eta Israelgo tropak Gazatik ateratzeko prozesuaren nondik norakoak zehaztuko dituzte.
Hamasen ospakizunak
Talde islamistak pozik hartu du su-etena indarrean sartu izana, eta akordioaren puntu guztiekiko konpromisoa berretsi du.
"Gure herriaren pazientziaren eta irmotasunaren emaitza izan den akordioaren puntu guztiak betetzeko konpromisoa berresten dugu", adierazi du Hamasek ohar batean.
Horren arabera, "ahal den guztia" egiten ari da Gazako herritarrei arreta eskaintzeko.
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroaren esanetan, baina, "etorkizun baketsu, egonkor eta segururik ez da egongo, Hamasek Gazako Zerrendan agintzen jarraitzen duen bitartean", eta menia "behin-behinekoa" dela azpimarratu du.
Laguntza humanitarioa sartzen hasi da
Nazio Batuen Erakundeak baieztatu du laguntza humanitarioa sartzen hasi dela Gazako Zerrendan Egiptoko mugatik, su-etena hasi denetik lehenengo aldiz.
NBEren Elikagaien Programako kamioiak "Zikimgo eta Kerem Xalomgo gurutzebideetatik sartzen hasi dira gari-irinarekin eta jateko prest dauden beste elikagai batzuekin". 330 kamioi sartu dira lehen egun honetan, erregaia zeramaten 20 kamioi tartean.
"Jordaniako, Egiptoko eta Israelgo mugetako pasabide humanitarioetatik egunero elikagaiak sartzea da helburua", iragarri du NBEk, su-etena laguntza humanitarioa emateko "ezinbestekoa" dela azpimarratu aurretik.
NBEren UNRWA Ekialde Hurbileko Errefuxiatuen Agentziak jakinarazi du 4.000 bat kamioi daudela prest Gazan laguntza humanitarioa sartzeko, eta erdiek oinarrizko elikagaiak daramatzatela.
Ben Gvirren alderdiak Israelgo Gobernua utzi du, Hamasekin lortutako akordioa salatzeko
Bestalde, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa buru duen Botere Judua alderdiko hiru ministroek dimisioa aurkeztu dute igande honetan, eta Israelgo Gobernua utzi dute Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduarekin lortutako su-eten akordioaren aurka protesta egiteko.
Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak aurrera jarrai dezake Botere Judua gobernu-koaliziotik irten arren, baina ez eskuin-muturreko beste alderdi handi batek, Alderdi Sionista Erlijiosoak, ere uko egingo balio. Alderdi hori ere akordioaren aurka dago. Ikusteko dago hurrengo egunetan zer gertatzen den.
Gazako bahituen senideek lehen fasearen ondoren gerrari berriro ez ekiteko eskatu diote Netanyahuri
Bestalde, oraindik Gazan dauden 98 bahituen senideek "premiazko deia" egin diote larunbat honetan Benjamin Netanyahuri, bihar hasiko den su-eten akordioaren fase guztiak garatzen direla bermatzeko, gatibu guztiak askatzeko eta 42 egun igaro ondoren gerrari ez berrekitea eskatzeko.
"Guk, 98 bahituen familiek, ongietorria ematen diogu bahitu guztiak etxera ekartzeko akordioari. Aurrerapen esanguratsua eta erabakigarria da, bahitu guztiak etxera itzultzen ikusiko ditugun unera hurbiltzen gaituena", esan du Bahituen eta Desagertuen Senideen Foroak.
Su-eten zirriborroaren arabera, lehen fasean 33 bahitu askatuko dituzte (19 urtetik beherakoak, 50 urtetik gorakoak, gaixoak eta emakumeak) preso palestinarren truke, eta bigarren fase batean, zibilak eta soldaduak, guztiak gizonak.