Mundua -
SU-ETENA GAZAN
Hamasek askatutako hiru bahituak Israelen daude dagoeneko
Hiru emakume zibil dira lehen askatuak: Romi Gonen, 24 urtekoa; Emily Damari, 28 urtekoa, eta Doron Steinbrecher, 31 urtekoa. Hiru gatibuak Tel Aviveko Sheba ospitalera eraman dituzte, azterketak egiteko. Israelgo Gobernuak 90 preso palestinar askatu ditu hiru bahitu horiek libre uztearen truke.
EITB MEDIA
Israelgo Armadak arratsaldeko lehen orduan jakinarazi du hiru gatibu israeldar askatu dituela Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoak, gaur goizean hasitako su-etenaren baitan, bahituak eta preso palestinarrak trukatzeko ekimenaren barruan.
Romi Gonen (24 urte), Emily Damari (28 urte) eta Doron Steinbrecher (31 urte) bahituak 90 preso palestinarren truke askatu dituzte, 15:00ak aldera hasi den operazioan.
33 bahitu eta 1.900 preso baino gehiago trukatuko dituzte hurrengo sei asteetan.
"Gurutze Gorriak adierazi du hiru bahitu israeldar hartu dituela jada, eta Gazako Zerrendan dauden indar militarren eta Shin Beten esku utziko dituela", zabaldu du Israelgo Armadak X sare sozialean duen kontuan.
Hiru bahituen amei Gazako mugatik gertu dagoen base militar batera joateko eskatu die Israelgo Armadak, handik Tel Aviveko Sheba ospitalera laguntzeko alabei. 17:00ak aldera iritsi dira gatibuak Israelera, eta 18:00ak jo aurretik egin dute bat euren amekin Reimen, mugatik gertu dagoen base militarrean. Handik, Tel Aviveko Sheba ospitalera eraman dituzte eta behaketapean daude. Bertako mediku batek prentsaurrean esan duenez, egun batzuk egingo dituzte bertan, azterketa guztiak amaitu arte.
Hiru gatibuek 471 egun egin dituzte bahituta, 2023ko urriaren 7an Hamasek hartu zituenetik.
Nortzuk dira Hamasek askatu dituen hiru bahitu israeldarrak?
Romi Gonen (24 urte) Nova musika jaialdian bahitu zuten. Eraso hartan, 360 pertsona inguru hil eta 40 bahitu zituen Hamasek. Bahitua izan aurretik, amari deitu zion, jaialdian tiroka ari zirela eta hiru lagun hil zizkiotela esanez.
Ordura arte, Kfar Vradimen bizi zen, herrialdearen iparraldeko herri batean.
Doron Steinbrecher (31 urte) Kfar Aza kibbutzean bizi zen, Gazako mugatik bi kilometrora, eta bertan bahitu zuten urriaren 7an. Hamaseko milizianoak kibbutzean sartu zirenean, ahizparekin eta gurasoekin harremanetan jarri zen eta ohepean ezkutatu zela kontatu zien. "Dena amaitu zenean eta segurtasun indarrak etxera iritsi zirenean, ez zuten ez gorpurik ez odolik aurkitu. Bagenekien eraman egin zutela", esan zion prentsari horren amak, Simonak.
Senideen Foroaren arabera, albaitari-erizain gisa lan egiten zuen kibbutzean.
Emily Damarik (28 urte) nazionalitate bikoitza du: israeldarra eta britainiarra. Doronen kibbutz berean bizi zen. Urriaren 7an 11 pertsona hil zituzten bertan, eta zazpi bahitu zituzten, Emily eta Doron, tartean.
Hamasen erasoan, milizianoek tiro egin zioten hankan. Azaroan, Hamasek 105 bahitu askatu zituenean, bizirik ikusi zutela adierazi zuten horietako batzuek.
"Kfar Azako tokiko gazte komunitatearen figura nagusia da, eta beti dago hor bere lagunentzat", adierazi du Senideen Foroak.
Israelek martxan du 90 preso palestinar askatzeko operazioa
Israelek 90 preso palestinar askatu behar ditu hiru bahitu horien truke. Gaur bertan askatuko ditu, eta 9 adingabe eta 69 emakume daude 90 palestinar horien artean.
Israelgo Espetxe Zerbitzuak iragarri duenez, preso palestinarrak Oferko kartzelan daude jada (Zisjordanian, Jerusalem iparraldean), eta osasun-azterketak eta nortasuna egiaztatzeko probak egingo dizkiete.
76 preso Zisjordanian bertan geratuko dira eta 14 Jerusalem ekialdera eramango dituzte.
Ehunka lagun bildu dira Oferreko espetxetik gertu dagoen muino batean, gaur indarrean sartu den su-etenaren baitan askatzekoak diren 90 preso palestinarren zain. Euskal Herrian 00:00 pasatxo zirenean jakin da askatu dituztela presoak.
Bidenek pozik hartu du su-etena, eta nabarmendu du bere administrazioaren lanari esker lortu dela
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak pozik hartu du Gazako Zerrendan lortutako su-etena eta bahituen trukea hastea, eta ziurtatu du bere administrazioak maiatzean zirriborratutako akordioari esker izan dela.
"Maiatzean Ekialde Hurbilerako proposatu nuen akordioa, azkenean, gauzatu egin da. Su-etena indarrean sartu da Gazan, eta gaur ikusten ari gara nola askatu dituzten beren borondatearen aurka 470 egunez tunel ilunetan atxikita izan dituzten emakume israeldarrak", gaineratu du.
Bidenek pozik hartu du Gazan laguntza humanitarioa daramaten dozenaka kamioi sartu izana ere. Orain, Donald Trump AEBko presidentearen administrazio berriari egokituko zaio bi aldeek akordioa betetzen dutela bermatzea.
Era berean, gaineratu du hemendik 16 egunera hasiko den elkarrizketa errondaren helburua Hamasek Gazako Zerrenda uztea izango dela.
Bidenen ildo beretik, gaur mundu osoko agintariek pozik hartu dute su-etena eta bahituen askapena.