Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Bidenek hainbat senitarteko eta goi kargudunen alde indultuak sinatu ditu, Trumpek zigortu ez ditzan

Presidente ohiak, ohar bidez, adierazi du pertsona horiek indultatzeak ez duela esan nahi delituak egin izana "aitortu" duenik. Indultatuen artean bere neba-arrebak, Mark Milley, Anthony Fauci eta Kapitolioaren erasoa ikertu zuen batzordearen kideak daude.

Joe Biden AEBko presidentea, agur hitzaldian. Artxiboko argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea, agur hitzaldian
Joe Biden AEBko presidentea, agur hitzaldian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere agintaldia amaitu aurreko azken unean, dekretu bat kaleratu du Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak hainbat indultu agintzeko. Besteak beste, bere neba-arrebak eta haien bikoteak, politikari ohiak, enpresa-gizonak eta bere Administrazioko goi-kargudunak babestu nahi izan ditu modu horretara.

AEBko Konstituzioak ematen duen aukera baliatu du Joe Bidenek indultuak emateko, baina Etxe Zuriak argitaratu duen oharrean jakinarazi duenez, horrek "ez du esan nahi" pertsona horiek deliturik edo arau-hausterik egin dutenik.

Urte hauetan bere familiari "etengabeko erasoak eta mehatxuak" egin dizkiotela argudiatu du oharrean, hari "min egiteko nahiak eraginda". Era berean, argudiatu du aurrerantzean ere ez duela "erasoak amaituko direla sinesteko arrazoirik" ikusten.

Prebentziozko indultua jaso dutenen artean daude James B. Biden, presidente ohiaren anaia, eta haren emazte Sara Jones Biden; baita Valerie Biden Owens, John T. Owens eta Francis W. Biden ere.

James Biden 2023an salatu zuten, Hunter Biden presidente ohiaren semearekin batera, herrialde barruan eta kanpoan egindako negozioengatik. Joe Bidenen posizioaz baliatu zirela zabaldu zen orduan. Printzipioz, ez dago Bidenen gainerako neba-arrebak indultatzeko arrazoi nabarmenik, baina Sara Bidenek senarraren negozioetan parte hartu izan duen zurrumurruak zabaldu dira eta Francis Bidenek anaiaren izena negozio jakin batzuk errazteko erabili zuela ere aipatu izan da.

Presidente ohiaren azken dekretuak babesten dituenen artean daude, besteak beste, Mark Milley —Defentsako Estatu Nagusi izandakoa eta 2021ean tropak Afganistandik erretiratzearen arduraduna—, Anthony Fauci —pandemian Etxe Zuriaren mediku aholkularia izandakoa— eta Kapitolioko erasoa ikertu zuten Ordezkarien Ganberako batzordekideak. Izan ere, Etxe Zurira itzulitakoan auzitara jotzearekin mehatxatu zituen horiek guztiak Donald Trump presidenteak.

Dagoeneko zigortuta zeuden pertsonak ere indultatu ditu Bidenek, besteak beste, Jerry Lundergan eta Ernest William Cromartie enpresari eta politikari ohi demokratak. Lundergan bere alaba Alison Lundergan Grimesen Senaturako kanpainari egindako legez kanpoko ekarpenengatik kondenatu zuten 2014an. Cromartiek, bestalde, legez kanpoko diru-transakzioak eta zerga-ihesa egin izana onartu zituen.

Azkenik, Bidenek Leonard Peltier ekintzaile indigenaren biziarteko kartzela-zigorra bertan behera utzi du, gelditzen zaiona etxean bete dezan. 79 urteko Peltierri bi biziarteko kartzela zigor ezarri zizkioten 1977an, Pine Ridge erreserban 250 indigena hil zituen tiroketa batean FBIko bi agente hiltzeagatik. Amnesty International erakundeak preso politikotzat dauka. Horrez gainera, arrazoi humanitarioengatik ere eskatu zuen bere indultua, "hainbat gaixotasun kroniko" pairatzen baititu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Joe Biden