Mundua -

INBESTIDURA

Donald Trump errepublikanoa, AEBko 47. presidentea

AEBko presidenteak esan du bere lehen neurria hegoaldeko mugan "larrialdi nazionala" deklaratzea izango dela, eta Mexikoko kartelak "erakunde terrorista" izendatuko dituela. Agintari estatubatuarrak iragarri duenez, Klimaren Parisko Akordiotik aterako du berriro bere herrialdea.

Donald Trump errepublikanoa karguaren zina egiten, Kapitolio barruan. Argazkia: EFE
Donald Trump errepublikanoa karguaren zina egiten, Kapitolio barruan. Argazkia: EFE
Donald Trumpek Estatu Batuetako presidente kargua hartu du

0:44

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump errepublikanoak AEBko presidente kargua zin egin eta hartu du bigarrenez, 78 urterekin, Washintongo Kapitolioan.

Trumpek zin egin du, eskuin eskua goratuta eta ezkerra 2017an kargua hartu zuenean erabili zituen bi biblien gainean zuela: bere Biblia eta Abraham Lincoln presidente ohiarena. Melania Trump lehen damak eutsi die ale horiei.

Minutu batzuk lehenago, JD Vance senatari ohi errepublikanoak presidenteorde kargua hartu du. Vance, 40 urtekoa, 'millenial' belaunaldiko lehen presidenteordea eta historiako hirugarren gazteena bihurtu da. John C. Breckinridgek 36 urterekin 1857an hartu zuen kargua, eta Richard Nixonek 40 urterekin, 1953an.

AEBren "urrezko aroa orain" hasi dela esan du Trumpek bere hitzaldiaren hasieran. "Une honetatik aurrera, Ameriketako Estatu Batuen gainbehera amaitu da", gaineratu du.

AEBko presidenteak esan du bere lehen neurria hegoaldeko mugan "larrialdi nazionala" deklaratzea izango dela, eta Mexikoko kartelak "erakunde terrorista" izendatuko dituela. Bestalde, Panamako kanalaren kontrola "berriro" bereganatuko dutela agindu du. "Txina Panamako kanalean lanean ari da. Baina ez genion Txinari eman. Panamari eman genion, eta berriro gureganatuko dugu ", ziurtatu du.

Agintari estatubatuarrak iragarri duenez, Klimaren Parisko Akordiotik aterako du berriro bere herrialdea; izan ere, lehen agintaldian (2016-2021) akordio horretatik atera zuen, eta Bidenek itzuli, 2021ean. AEBn petrolio ekoizpena bultzatuko duela ere agindu du. Bidenen Administrazioak ibilgailu elektrikoak erosteko martxan jarritako dirulaguntzak kenduko dituela iragarri du.

Gainera, 1798ko Atzerriko Etsaien Legea erabiliko omen du gaizkile talde eta sareei aurre egiteko. "Gure Gobernua zuzenduko dut indar federalen eta estatukoen botere guztia erabil dezan atzerriko taldeen eta Estatu Batuetara suntsipena ekarri duten sare kriminalak desagerrarazteko", azpimarratu du.

Trumpek nabarmendu du Gobernu berriaren "politika ofizial" bihurtuko duela bi genero nortasun soilik aitortzea: "maskulinoa eta femeninoa". Gainera, "hemendik gutxira, Mexikoko golkoaren izena aldatuko dugu, eta 'Amerikako golkoa' izatera pasako da", adierazi du.

Zeremoniako une bitxiena Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Melania emazteari musu ematen saiatu denean gertatu da. Trump txalo zaparrada handi baten erdian agertu da, eta emaztearengana hurbildu da masailean musu emateko, baina haren kapelaren hegal gogorrarekin topo egin du. Melania, zirkinik egin gabe, ez da mugitu eta Trumpen musua airean geratu da.

Trumpen eta Melaniaren arteko musua airean geratu da
Trumpen eta Melaniaren arteko musua airean geratu da
Trumpen eta Melaniaren arteko musua airean geratu da

0:38

Trump eliza  episkopaliano batera joan da gaur goizean goiz, Etxe Zuriaren inguruan, presidente kargua berriro hartuko duen egunari hasiera emateko.

Melania Trump emaztearekin batera joan da dirudun errepublikanoa Saint John elizara, Blair Housen, Etxe Zuriko gonbidatuen erresidentzian, gaua igaro ostean. Familiako beste kide batzuekin batera joan dira mezatara, tartean semeetako batzuekin.

Donald Trump mezetara joan da AEBko presidente kargua hartu aurretik
Donald Trump mezetara joan da AEBko presidente kargua hartu aurretik
Donald Trump mezetara joan da AEBko presidente kargua hartu aurretik

0:44

Mezatatik irtendakoan, Joe Biden orain arte presidente izan denarekin batzartu da, Etxe Zurian. Duela lau urte, Trumpek ez zuen errespetatu protokolo hori, eta Bidenen garaipena onartzen ez zuenez, ez zion harrerarik egin kargua trukatzeko. Kargua hartzeko ekitaldian ere ez zen izan, baina Bidenek aspaldi esan zuen ohiko formalismoak beteko zituela eta trantsizio lasaia egiten saiatuko zela.

Donald Trump Etxe Zurira joan da karguaren zina egin aurretik
Donald Trump Etxe Zurira joan da karguaren zina egin aurretik
Donald Trump Etxe Zurira joan da karguaren zina egin aurretik

0:44

Ekitaldia Kapitolio barruan egitea erabaki dute hotzarengatik. Historian bigarrenez egin dute inbestidura ekitaldia eraikin barruan. Ronald Reagan presidente hautatu zutenean (1985) ere, hotzak behartuta aldatu zuten ekitaldia lekuz.

Kongresuan igaroko ditu agintaldiko lehen orduak. Bitartean, etxe-aldaketa egiteko aprobetxatuko dute.

17:00ak jo orduko (Euskal Herrian, 23:00) , Etxe Zurira joango da, eta han sinatuko ditu lehen neurriak. Gauean, dantzaldia izango dute Melaniak eta Donaldek.

Besteak beste, Javier Milei Argentinako presidentea, Georgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Santiago Abascal Espainiako ultraeskuinzalea izango ditu gonbidatu ekitaldian, eta eraikin barruan egongo dira diskurtsoa entzuten.

Jarraitzaileek, ostera, Capital One Arenan entzungo dute hizketaldia. Trumpek bertara joateko asmoa du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump