Mundua -
Inbestidura
Hauek dira Trumpek AEBko presidente gisa iragarri dituen lehen neurriak
Hegoaldeko mugan larrialdi nazionala deklaratuko du, genero-identitate maskulinoa eta femeninoa besterik ez ditu aitortuko eta Mexikoko golkoari "Amerikako golkoa" izena ezarriko dio, besteak beste.
Agentziak | EITB MEDIA
Donald Trumpek AEBko 47. presidente gisa hartu du kargua astelehen honetan, hotzagatik Kapitolioaren barruan egin den inbestidura-ekitaldian. Karguaren zina egin ostean, agintari berriak iragarri du dozenaka dekretu sinatuko dituela lehen egunean, besteak beste, Mexikoko golkoa "Amerikako golko" izendatu, hegoaldeko mugan larrialdi nazionala ezartzea tropak bidali ahal izateko eta Panamako kanala "berreskuratzea".
Iragarri duenez, hartuko duen lehen neurria hegoaldeko mugan larrialdi nazionala ezartzea izango da, "legez kanpoko sarrera" guztiak geldiarazteko eta "milioika atzerritar gaizkile" deportatzeko. "Mexikon geratzeko politika ezarriko dugu", azpimarratu du.
Beste larrialdi nazional energetiko bat ere ezarriko du, petrolio ustiapenerako baimenak areagotu ahal izateko, "munduko edozein herrialdetako ahalik eta petrolio eta gas gehien" aprobetxatzeko.
Etorkizuneko betearazpen-aginduen artean, droga kartelak atzerriko erakunde terrorista izendatzea iragarri du, eta, horre gain, 1798ko Atzerriko Etsaien Legea berreskuratzea, "hirietako segurtasunik eza elikatzen duten delinkuentzia-banda eta -sareak jazartzeko".
Panamako kanala ere aipatu du, hori "berreskuratzea" helburu duela azpimarratuta. Haren ustez, Panamako agintariek ez dute agindutakoa bete, eta azpiegitura estrategiko horren kontrola de facto Txinak izatea leporatu die.
Iragarri duen beste neurri eztabaidagarri bat da gobernu berriaren "politika ofizial" bihurtuko duela bi genero-identitate soilik aitortzea: "maskulinoa eta femeninoa".
Era berean, iragarri du bere herrialdea Parisko Klima Akordiotik aterako duela. Akordio horretatik lehen agintaldian (2016-2021) atera zuen AEB, baina Joe Bidenek berriro sartu zuen herrialdea, 2021ean.
Bestalde, agintari berriak inflazioari aurre egin eta bizi-maila hobetu nahi du, eta, horretarako, inportazioei muga-zergak ezartzeko eta barne mailako industria- eta energia-estrategia berri bat ezartzeko konpromisoa berretsi du.
Trumpek presidente "bakegilea" izan nahi du, eta nabarmendu du Hamasek astelehenean karguaren zina egin baino egun bat lehenago onartu zuela lehen bahitu talde bat entregatzea, Israelekin sinatutako su-etenari esker.