Mundua -
AEB
Trumpek aro berriari ekin dio migrazioaren, LGTBI+ kolektiboaren eta ebidentzia zientifikoaren aurka eginez
AEBko 47. presidenteak dozenaka dekretu sinatu ditu karguaz jabetu eta berehala. Kapitolioan sartzeagatik zigortutakoei indultua eman die, "energiaren larrialdi nazionala" ezarri du petrolioa eta gasa gehiago ekoizteko, eta herrialdea Parisko Akordiotik eta Munduko Osasun Erakundetik atera du.
Agentziak | EITB Media
AEBko 47. presidente kargua hartu berritan, "urrezko aroa" deitu duenari ekiteko irrikan-edo, Donald Trumpek aitaren batean abiatu du Presidentetza, aurreneko erabakiak ia berehala hartuta. Hala, Kongresuko kupulapean inbestitu ostean, Capital One Arena futbol estadioan idazmahaia jartzea agindu du. Bertan sinatu ditu bere lehen dekretuak. Gerora, Etxe Zuriko bulego obalean beste hamarnaka izenpetu ditu.
Guztira, ehun bat agindu exekutibo izan dira. Denetik izan da tartean: migrazioaren, sexu aniztasunaren eta ebidentzia zientifikoaren kontrako neurriak, baina baita Kapitolioan sartzeagatik zigortutakoen aldekoak ere.
Lehendabiziko erabakiak demokraten ondarea ezerezean uzteko baliatu ditu Trumpek, eta Bidenen 80 dekretu atzera bota ditu. Tartean dira arrazen berdintasuna babesten zuena edota identitate eta orientazio sexualagatik diskriminatzearen kontra egiten zuena. Inbestidura hitzaldian bertan aurreratu duenez, bi identitate baino ez dira baimenduta egongo: gizonezkoena eta emakumezkoena.
Presidente aholkularien kaleratzeak ere iragarri ditu Trumpek. Argudiatu duenez, Bidenen aholku-emaileetako batzuk ez daude "lerrokatuta" AEB "berriro handi egiteko" duen asmoarekin. Horien artean dago, besteak beste, Jose Andres Espainiako sukaldari eta World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundearen sortzailea (kirol, eta nutrizio arloan aholkularia zen). "Etxe Zurian egiten dugun lehen eguna oraindik ez da amaitu", ohartarazi du presidenteak, eta agindu du Bidenek egindako 1.000 bat izendapen berrikusiko dituela.
Mexikoko mugarekin "larrialdi nazionala" ezarri du, eta militarrak bertan egotea baimendu du "segurtasuna bermatzeko eta inbasioa geldiarazteko". Dokumentu horren bidez, agintariek AEBn modu irregularrean sartzen diren pertsona guztiak "berehala deportatzeko" eskumena izango dute, berehalako kanporatzeei bide emanda.
Beste dekretu baten bitartez, AEBn jaiotako migratzaileen seme-alabei hiritartasuna ukatzeko pausoak eman ditu presidente errepublikanoak. Dena dela, AEBko Konstituzioak espresuki babesten du eskubide hori, eta Etxe Zuriak ez du zehaztu nola gauzatuko duen. Hori horrela, litekeena da Trumpen asmoak auzibide luzea izatea.
Mexikori eta Kanadari % 25eko muga-zergak jarriko zizkiela agindu bazuen ere, azkenean ez du mehatxua gauzatu. Ingurumari horretan, BRICS taldeko kideentzat % 100eko muga-zergak prest dituela iragarri du. Gorabidean dauden 11 herrialdek osatzen dute talde hori —Brasil, Errusia, India, Txina, Hego Afrika, Saudi Arabia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Etiopia, Iran eta Indonesia—, eta G7aren alternatiba gisa aurkeztu da. Espainia bera talde horretan sartu du Trumpek, nahastuta.
Ekialde Hurbilari dagokionez, Bidenen administrazioak Zisjordanian Israelgo kolonoei eta eskuin muturreko kideei ezarritako zigorrak altxatu ditu. Israelek Gaza erasotzeari ekin zionetik, beste eremu horretan asko ugaritu dira palestinarren kontrako erasoak. Gobernu demokratak "Zisjordaniako bakea, segurtasuna eta egonkortasuna urratzen zuten ekintzengatik zigorrak" ezarri zituen iazko otsailean, eta orain, zigor horiek denak kendu ditu Trumpek.
Mugekiko ez ezik, energia alorrean ere larrialdi nazionala aldarrikatu du Trumpek. AEBko energia "barra-barra" ekoitziko duela agindu du, eta petrolioaren bila, "zulatu, zulatu eta zulatu" egingo duela hitz eman. Tresna horrekin, herrialdean petrolioa eta gasa ekoiztearen lasterketa abian jarriko du Trumpek, Alaskan zulatze gehiago eginez. Halaber, Bidenek bultzatutako energia berderako trantsizioa geldiarazi du.
Mendeku gosez, indultua eman die 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari eraso egiteagatik zigortutako gehienei. 1.500 pertsonari egin die mesede neurriak, eta 14 indultu Oath Keepers eta Proud Boys muturreko taldeetako kideentzat dira.
Ebidentzia zientifikoari kontra eginez, Parisko Akordio Klimatikotik atera du herrialdea, baita Munduko Osasun Erakundetik (MOE) ere. Era berean, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeari jakinarazi dio aurreko gobernuak hartutako konpromisoak ezerezean geratu direla.
Milaka langileren egunerokoari zuzenean eragingo dien neurriak ere adostu ditu Trumpek. Adibidez, funtzionarioek telelanerako zuten aukera kendu du, eta asteko bost lanegunetatik lautan bulegoan egon beharko dutela agindu.