Mundua -

DAVOS

Von der Leyenek ohartarazi du ez zaiola "inori interesatzen" ekonomia globalean harremanak haustea

Europako Batzordearen presidenteak lankidetza transatlantikoak eta deskarbonizazioak EBrentzat duten garrantzia azpimarratu du, Munduko Ekonomia Foroan.

Ursula von der Leyen, Davosen. Argazkia: EFE.
Ursula von der Leyen, Davosen
Ursula von der Leyen, Davosen. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak ordena ekonomiko globalean "elkarrekin lan egiteko" beharra azpimarratu du, "lasterketa global" bat saihesteko, eta ohartarazi du "ez zaiola inori interesatzen harremanak haustea".

Gaur Davosen Munduko Foro Ekonomikoan parte hartzen duen Von der Leyenek azaldu duenez, duela 25 urte imajinatu genuen mundu ordena (lankidetzan oinarritua) "ez da errealitate bihurtu". Aldiz, "lehia geoestrategiko gogorreko aro berri batean sartu gara", haren esanetan.

"Munduko ekonomia nagusiak lehiatzen ari dira lehengaiak, teknologia berriak eta merkataritza-ibilbide globalak eskuratzeko", eta, testuinguru horretan, "elkarrekin lan egitearen" alde egin du, "amildegirako lasterketa globala saihesteko, ez baita inoren interesekoa ekonomia globalean harreamanak haustea".

"Hobe esanda", gaineratu du Von der Leyenek, "arauak modernizatu behar ditugu, herritarrentzat elkarri onurak sortzeko dugun gaitasunari eusteko".

Lehia areagotu ahala, "litekeena da tresna ekonomikoak (zigorrak, esportazio kontrolak eta muga-zergak, besteak beste) maiz erabiltzen jarraitzea", ohartarazi du.

Hala ere, "gure segurtasuna babesteko agindua eta berritzeko eta oparotasuna hobetzeko dugun aukera orekatzea garrantzitsua" dela uste du.

Bestalde, Von der Leyenek Parisko Akordioa defendatu du "gizateriarentzat itxaropen handiena" delako, eta berretsi du Europak klima aldaketaren aurkako borrokan aitzindari izaten jarraituko duela, baita AEBk itunetik erretiratzeko erabakia hartu ostean ere.

Energia garbirako trantsizioa ezinbestekoa dela nabarmendu du, independentzia energetikoa bermatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, eta iturri berriztagarrien, nuklearren eta hurrengo belaunaldiko teknologien alde egin du, fusioa eta egoera solidoko bateriak, kasu.

Azkenik, iragarri du Bruselak plan bat aurkeztuko duela otsailean, industria garbia sustatzeko, azpiegitura elektrikoak modernizatzeko eta Europak teknologia disruptiboen lasterketan aurrera egin dezan, eta, hala, jasangarritasunean eta nazioarteko lankidetzan lider global gisa duen zeregina sendotuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia