Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Sanchezen Gobernuak AEBrekin konfrontazioa saihestu du, Trumpek Espainia BRICS taldeko kidetzat jo ostean
Espainiako Gobernuak talka saihestu nahi izan du, eta "bazkide fidagarria" dela eta AEBrekin harreman estrategikoa izaten jarraitzeko ahal duen guztia egingo duela adierazi du. "Bistan da Espainia ez dela BRICS taldeko kidea", esan du Pilar Alegriak.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Espainiari buruz egindako adierazpenek erantzuna izan dute berehala. Espainia BRICS taldeko kidetzat jo du AEBko agintariak. Are gehiago, NATOri egindako ekarpen "txikiagatik" kritikatu du Espainia, eta muga-zergak igotzearekin mehatxu egin dio.
AEBko presidente berriak astelehenean egindako adierazpen horien aurrean, Espainiako Gobernuak konfrontazioa saihestu nahi izan du, eta "bazkide fidagarria" dela eta Ameriketako Estatu Batuekin harreman estrategikoa izaten jarraitzeko ahal duen guztia egingo duela nabarmendu du.
Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak eman duen mezua da, eta Trumpen hitzen aurrean, "Espainia ez da BRICS taldeko kide, ez da garapen bidean dagoen herrialde bat", azpimarratu du.
Muga-zergak igotzeko mehatxuari dagokionez, gogorarazi du azken hamarkadan bikoiztu egin direla bi estatuen arteko salerosketak, eta berretsi du Espainia dela EBren "suspertzaile" ekonomiko nagusia, eta NATOrekiko konpromiso "erabat argia eta irmoa" berretsi du, nabarmendu baitu Aliantza Atlantikoa osatzen duten 32 herrialdeetatik Espainiak zortzigarren ekarpen handiena egiten duela.
Ildo beretik mintzatu da Margarita Robles Defentsa ministroa, Beirutetik azpimarratu duenez, Espainia "aliatu serioa, fidagarria, arduratsua eta konprometitua da", 3.000 militar baino gehiago ditu bake misioetan, eta Letonian, Eslovakian, Errumanian edo Turkian dago, NATOren esparruan.
Sumarrek "arriskutsutzat" jo du Trumpen itzulera
Sumar Gobernuko bazkidea, aldiz, polemikan sartu da, Trumpen itzulera "arriskutsua" dela ohartarazi baitu Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak, eta AEBko presidente berriaren politika protekzionistari aurre egiteko Europan proiektu indartsuago bat bultzatzea eskatu du.
Gaur, inoiz baino gehiago, Europak egiteko garrantzitsua izan behar duela uste du, Trumpen estrategia argia baita: "Europa osoa deuseztatzea".