Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Marco Rubio, Estatu idazkari berria: "AEBk bakea bilatuko du, indarraren bidez"
"Presidenteak inbestidura hitzaldian argi utzi zuen AEBko atzerri politikaren helburu nagusietako bat bakea sustatzea dela. Bakea indarraren bidez, eta gure baloreak alde batera utzi gabe", azpimarratu du karguaren zina egin ostean.
Agentziak | EITB Media
Marco Rubiok Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari karguaren zina egin du gaur, eta berretsi du Donald Trumpen Administrazioak nazioartean "bakea indarraren bidez" bilatuko duela eta interes nazionalen alde egingo duela.
"Presidenteak inbestidura hitzaldian argi utzi zuen AEBko atzerri politikaren helburu nagusietako bat bakea sustatzea dela. Bakea indarraren bidez, eta gure baloreak alde batera utzi gabe", esan du gaur Ameriketako Estatu Batuetako diplomazia buru karguaren zina egin ostean.
"Harritzekoa da; esan beharreko zerbait da eta azken boladan ez baita behar beste esan", azpimarratu du Rubiok, eta Senatuaren babesaren ostean karguaren zina egin duen kabinete berriaren lehen kidea izan da.
Rubiok Estatu idazkari gisa egin dituen aurreneko adierazpenetan azaldu duenez, AEBko atzerri politika hiru galdera hauei erantzunda egin behar da: "Indartsuago egiten gaitu? Seguruago egiten gaitu? Oparoagoak egiten gaitu? Hiru horietako batean erantzuna baiezkoa ez bada, ez dugu egingo", nabarmendu du.
"Eraldaketa une bat da. Mundua leku seguruagoa egingo duen aro berri baterantz goaz", ziurtatu du Rubiok. Kubako jatorriari keinu eginez gaztelania ere erabili du bere hitzaldian.
Rubiori NBCn egin dioten elkarrizketa batean, Trumpek Ukrainako gerrari berehala amaiera emateko duen gaitasunari buruz egindako adierazpenez galdetuta, Estatu idazkari berriak nabarmendu du behar-beharrezkoa dela bakea lortu nahi duen presidente bat izatea.
"AEBren politika ofiziala gerra amaitu behar dela izango da, eta ahal dugun beste egingo dugu horrela izan dadin", beretsi du Rubiok, eta "bi, hiru edo lau urte barru" beste gerra bat galaraziko duen konponbide "egonkor eta iraunkor" baten alde egin du.
Hala ere, Rubiok berriro aitortu du Senatuko Kanpo Harremanetarako Batzordearen aurrean egindako agerraldian egin bezala, Ukrainako gerra gatazka "konplexua" dela, "zaila" izango dela konpontzea, eta, horregatik, bi aldeek amore eman beharko dutela "helburu maximoetan".