Mundua -

Geopolitika

Putinek eta Xik Errusiaren eta Txinaren arteko aliantza berretsi dute Trumpen inbestiduraren ostean

Errusiako eta Txinako presidenteek bi estatuen arteko aliantza estrategikoa berretsi dute bideokonferentzia batean, Donald Trump AEBko presidente izendatu eta biharamunean.

Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteen arteko bideokonferentzia. EFE
Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteen arteko bideokonferentzia. EFE
Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteen arteko bideokonferentzia. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteek, hurrenez hurrena, bi estatuen arteko aliantza estrategikoa berretsi dute bideokonferentzia batean, Donald Trump AEBko presidente izendatu eta biharamunean.

"Zurekin bat nator Moskuren eta Pekinen arteko lankidetzaren oinarria interes nazional asko direla, baita potentzia handien arteko harremanak nolakoak izan behar diren adostasuna ere", esan dio Putinek bere solaskideari, Errusiako telebistak zabaldutako irudien arabera.

Kremlineko buruzagiak nabarmendu duenez, "kanpo-politikako harremanek eta Errusiaren eta Txinaren arteko elkarlanak objetiboki egonkortasuna bermatzen dute nazioarteko gaietan".

"Ez dugu onartu behar faxismoaren, nazismoaren eta militarismoaren ideologiak burua berriro altxatzea. Garrantzitsua da, guk bezala pentsatzen duten beste pertsona batzuekin batera, kontu handiz egia historikoa zaintzea eta defendatzea", azpimarratu du.

Era berean, Xik nabarmendu du Txina prest dagoela harremanak sakontzen jarraitzeko. "Urte berrian, zuekin batera Txina-Errusia harremanak maila berrietara eramateko prestatzen ari gara", adierazi du agintari txinatarrak. Gaineratu duenez, Pekinek eta Moskuk "egonkortasunean oinarrituta ziurgabetasunari aurre egiteko" asmoa dute.

Xik telefonoz hitz egin zuen Trumpekin inbestiduraren bezperan, eta Putinek hurrengo egunetan gauza bera egitea espero du.

Bestalde, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak garrantzia kendu die Trumpek hartutako lehen neurriei. "Horrek adierazten du zein metodo erabiliko dituzten Trump presidenteak eta bere Administrazioak AEBren interesak defendatzeko mundu mailan", azaldu du Ararat Mirzoyan Armeniako presidentearekin Moskun emandako prentsaurrekoan.

Horren ildotik, Errusiako diplomaziaren arduradunak adierazi duenez, Etxe Zurian nor dagoen alde batera utzita, "ez da inoiz ezer aldatu", eta Washingtonen helburu bakarra "beste edozein lehiakide baino indartsuagoa izatea da", Errusiako albiste agentziek jaso dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump