Mundua -
ESTATU BATUAK
Eskoletan, elizetan eta ospitaleetan migratzaileen kontrako sarekadak egitea baimendu du Trumpek
Presidente karguaz jabetu eta lehendabiziko egunean atzera bota duen dekretuetako bat da eskolak, ospitaleak eta elizak "espazio seguruak" direla zioena. Orain arte, migrazioaren kontrolerako agintariek ezin zuten toki horietan neurririk ezarri.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eskoletan, elizetan eta ospitaleetan migratzaileen kontrako sarekadak egitea baimendu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente izendatu berriak. Orain arte, migratzaileentzat "espazio seguruak" ziren leku horiek.
Segurtasunerako Departamendu Nazionalak (DHS, ingelesezko siglak) atzera bota zuen, atzo, aurreko legealdian Joe Biden (2021-2025) presidente ohiak hartutako erabaki bat. Besteak beste, hezkuntza-zentroetan, erietxeetan edota gune erlijiosoetan pertsona migratzaileak atxilotzea debekatzen zuen araua. Bertan behera uzteko emandako arrazoien artean, Trumpen Gobernuak esan du migrazioaren kontrolerako agenteak "ahalduntzea" dela helburua, "legea bere horretan bete" eta "atzerriko kriminalak" atxilotu ditzaten.
Ohar batean, DHS erakundeak dio gauza jakina dela pertsona migratzaileak "eskoletan eta elizetan" ezkutatzen direla.
Trumpek presidente kargua hartu eta biharamunean martxan jarri duen neurrietako bat da hori. Kanpaina osoan agindu zituen migrazioaren kontrako neurriak, eta gai hori izan zen protagonista inbestidura ekitaldiko bere hitzaldian: beste behin, deportazio masiboak egingo zirela hitz eman zuen, "AEBko historiako handienak".
Presidente errepublikanoaren migrazio politikak "paperik gabeko pertsona migratzaileak berehala kanporatzea" aurreikusten du, horien egoera aztertuko eta bideratuko duen audientziarik egin gabe. Bidenen Gobernuak, besteak beste, migratzaileen egoera banan-banan aztertzen zituen audientziak eta bitartekaritza prozesuak jarri zituen abian. Dagoeneko ezabatu egin ditu horiek ere Trumpek.