Mundua -
AEB
300 atxilotu baino gehiago, Trumpek kargua hartu eta hurrengo egunean
Tom Homan Trumpen Administrazio berriko migrazio politiken arduradunak azaldu duenez, agenteek "helburu-orri" bat dute aurrekari penalak dituzten migratzaile irregularrekin nola jokatu zehazteko.
Agentziak | EITB MEDIA
Estatu Batuetako Aduana, Migrazio eta Kontrol Zerbitzuak 308 migratzaile atxilotu ditu azken 24 orduetan, Donald Trump presidente kargua hartu berritan.
Tom Homanek, administrazio berriaren migrazio-politiken arduradunak, Fox News katean azaldu duenez, "ICE bere lana egiten ari da". Homanek adierazi du agenteek "helburu orri" bat dutela, eta bertan aurrekari penalak dituzten migratzaile irregularrak atxilotzea eta deportatzea lehenesten dela.
Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak oniritzia eman dio migratzaile irregularrei buruzko lege-proiektu bati. Proiektu horrek indarkeriarik gabeko delituak egin dituzten migratzaileak atxilotzea ahalbidetuko luke, eta, era berean, Trumpen administrazioaren lehen garaipen legegilea bilakatuko litzateke. Legeari "Laken Riley Legea" izena jarri diote, iaz Georgiako 22 urteko emakume gazte bat hil zuen migratzaile irregular baten omenez.
Lege-proiektuak Aduana eta Migrazio Zerbitzua arduradun bihurtzen du, eta haren egitekoa izango litzateke Estatu Batuetan modu irregularrean dauden edo egoera legala duten baina lapurreta edo indarkeria bezalako delituengatik akusatuta dauden eta atxilotuak edo zigortuak izan diren migratzaileak zaintzea eta atxilotzea.
Gainera, proiektuak aukera ematen die fiskal federalei immigrazio-epaileek atxilotutakoak askatzeko erabakiak auzitegietan aurkaratzeko. Horrez gain, herrialde batzuek deportatutako herritarrak ez badituzte onartzen, bisetan zigorrak ezarri liezazkiekete.