Mundua -
Afganistan
NZAko fiskalak buruzagi talibanak atxilotzeko aginduak eskatu ditu, genero jazarpena egotzita
Karim Khanen ustez, "zentzuzko arrazoiak" daude talibanen burua eta Afganistango Gorte Goreneko presidentea neskatilak eta emakumeak jazartzeagatik egindako gizateriaren aurkako krimenen "erantzule penal" izendatzeko.
Agentziak | EITB Media
Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) fiskalak bi atxilotze agindu onartzeko eskatu die epaileei ostegun honetan: bata, Haibatullah Akhundzada talibanen buruzagi gorenaren aurka, eta bestea, Abdul Hakim Haqqani Afganistango Gorte Goreneko presidentearen aurka. Genero arrazoiengatik jazarpenezko ekintzak egin izana leporatu die biei.
Fiskalaren hitzetan, "zentzuzko arrazoiak" daude 2021eko abuztuaren 15etik Afganistango lurralde osoan gertatutako gizateriaren aurkako krimenen "erantzule penaltzat" jotzeko. Alde batetik, neskatilak eta emakumeak jazartzea leporatu die. Bestetik, talibanen "identitate eta genero-adierazpen ideologikoekin bat ez datozen" edota "nesken eta emakumeen aliatu" gisa ikusten dituzten pertsonak jazartzea ere egotzi die.
Khanen hitzetan, "jazarpen horrek biktimen oinarrizko eskubideen urratze ugari eta larriak dakartza, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak, eta osotasun fisiko eta autonomiarako eskubidea, zirkulazio eta adierazpen askatasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, bizitza pribatu eta familiarrerako eskubidea eta biltzeko askatasuna ukatzen dute".
Era berean, zehaztu du talibanen aurkako erresistentzia "bortizki zapaldua" izaten dela, "espetxeratze, tortura, bortxaketa eta bestelako indarkeria sexualak, desagerrarazteak eta antzerako ekintza ankerrak barne hartzen dituzten krimenak eginez".
Bere taldeak bildu dituen frogen artean, ikus-entzunezko materiala, dekretu ofizialak, auzitegiko medikuen txostenak, adituen eta lekukoen testigantzak eta susmagarrien beraien eta talibanen beste ordezkari batzuen adierazpenak daude.
Bi horiek dira Afganistanen egindako krimenak ikertzeko fiskalak eskatutako lehen atxilotze-aginduak, baina "laster talibanen beste goi-kargudun batzuk atxilotzeko eskaera gehiago" aurkeztuko dituela ziurtatu du Khanek.
2020an, NZAko fiskaltzak epaileen baimena lortu zuen, aho batez, 2003ko maiatzaren 1etik Afganistango lurraldean ustez egindako krimenak ikertzen hasteko, baita gatazka armatuarekin eta Afganistango egoerarekin lotutako krimenak ikertzeko ere.
Afganistango aurreko gobernuak inpugnatu egin zuen ikerketaren, onargarria ez zelakoan, baina 2022ko urriaren 31n, talibanek boterea hartu ondoren, fiskaltzak berriro heldu dio kasuari eta han izandako krimenak modu "independente, inpartzial eta zuhurrean" ari da ikertzen.
Alabaina, Talibanek eta Estatu Islamikoaren EI-Khorasan filialak ustez egindako krimenak ikertzera bideratuko ditu Khanek bere ahaleginak, eta bigarren mailan utziko ditu beste alderdi batzuk, hala nola soldadu estatubatuarrek ustez egindako jazarpenak.