Mundua -
AEB
Herritartasuna jaiotzatik izateko eskubidea deuseztatzeko Trumpen agindua blokeatu du epaile federal batek
John C. Coughenour Seattleko epailearen ustez, agindua "Konstituzioaren aurkakoa" da. "Lau hamarkada baino gehiago eman ditut auzitegian. Ez dut gogoratzen hau bezain argia den beste auzirik", azpimarratu du Coughenourrek.
Agentziak | EITB Media
Epaile federal batek Donald Trump presidentearen agindu exekutibo bat blokeatu du gaur, aldi baterako. Hain zuzen ere, paperik gabeko etorkinen edo AEBn jaiotako aldi baterako estatusa duten pertsonen seme-alabei herritartasuna kentzeko erabakia gelditu epaileak. Agintari berriak migrazio sistema erreformatzeko asmoetan jasotzen duen lehen porrota da.
John C. Coughenour Seattle barruti federaleko magistratuaren ustez, agindua "Konstituzioaren aurkakoa" da, ABC News telebistak jasotako adierazpenen arabera.
"Lau hamarkada baino gehiago eman ditut auzitegian. Ez dut gogoratzen hau bezain argia den beste auzirik. Argi eta garbi Konstituzioaren aurkakoa den agindua da", azaldu du Coughenourrek. Ronald Reagan (1981-1989) presidente ohiak 1981ean izendatu zuen kargurako.
Konstituzioaren 14. zuzenketaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako pertsona guztiek automatikoki lortzen dute herritartasuna, gurasoen migrazio-estatusa edozein dela ere.
Trumpen dekretuak (astelehenean kargua hartu eta ordu batzuetara sinatu zuen errepublikanoak) dio AEBn jaiotako paperik gabeko edo aldi baterako estatusa (lanerako bisa, esaterako) duten gurasoen seme-alabek ezin izango dutela herritartasuna lortu.
Praktikan, horrek eragotzi egingo luke Estatu Departamentuak haur horiei pasaporteak ematea eta Gizarte Segurantzaren Administrazioak herritar gisa aitortzea, eta horrek oztopatu egingo luke oinarrizko eskubideak eskuratzea eta herrialdean legez lan egiteko aukera izatea.
Guztira, gobernu demokratak dituzten 22 estatuk Trumpen aginduaren aurka egin zuten asteartean, Trumpek eskubide horrekin amaitzeko saiakeraren kontra. Hasiera batean, 18 estatuk jarri zuten helegitea asteartean, eta egun horretan bertan beste lau estatuk eskatu zioten gorte federalari agindua ez aplikatzeko.
Coughenourren erabakia azken lau estatu horiekin lotuta dago, eta 14 egunez egongo da indarrean, The Seattle Times egunkariak zehaztu duenez. Tarte horretan epaile federalaren erabakiaren aurkako errekurtsoak aurkeztu daitezke.