Mundua -

AEB

Trumpek agindu du Kennedyren eta Luther Kingen hilketekin lotutako txostenak desklasifikatzea

Etxe Zuriaren iritziz, horien senitartekoek nahiz herritarrek "gardentasuna eta egia" merezi dute. Artxibo Nazionalak hainbat dokumentu zabaldu zituen, baina beste zenbait gordeta daude, segurtasun arrazoiak tarteko.

AEBko presidente Donald Trump. Argazkia: EFE
AEBko presidente Donald Trump
AEBko presidente Donald Trump. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko presidente Donald Trumpek agindu du John F. Kennedy (JFK) presidente ohiaren, Robert F. Kennedy fiskal nagusi ohiaren eta Martin Luther King Jr ekintzailearen hilketekin lotutako txosten guztiak desklasifikatzea.

"Jende asko dago horren zain, aspalditik. Dena jakingo da", esan du Etxe Zuritik, agindua sinatzen ari zela.

Senitartekoek eta AEBko herritarrek "gardentasuna eta egia" merezi dute. "Hilketa horiekin erlazionatutako dokumentu guztiak zabaltzea nahi du nazioak, atzerapen gehiagorik gabe", adierazi du.

Hartara, datozen 15 egunetan JFK-ren artxiboekin lotutako plan bat aurkeztu beharko dute, eta 45 egunean gainerako bien dokumentuekin.

John F. Kennedy 1961eko urtarrilaren 20tik 1963ko azaroaren 22ra izan zen AEBko presidente. Egun horretan hil zuten, Dallasen (Texas), autoan zihoala. 

Lee Harvey Oswald frankotiratzaile ohiak buruan tiro egin zion. Ikerketa ofizialaren arabera, berak bakarrik parte hartu zuek hilketan, baina badira kontrakoa esaten duten teoriak ere.

Esan bezala, Artxibo Nazionalek hilketa horren gaineko hainbat dokumentu zabaldu zituzten, baina beste batzuk gordeta daude, segurtasun arrazoiak tarteko. 2023ko ekainean, Etxe Zuriak, Joe Biden agintean zela, jakinarazi zuen dokumentu horien % 99 direla publiko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump