Mundua -
Su-etena Gazan
Hamasek Gurutze Gorriaren esku utzi ditu jada lau emakume soldadu bahituak
Gurutze Gorriaren furgonetetan sartu dira, ekitaldi jendetsu baten erdian. Akordioaren xehetasunen arabera, Israelek 50 preso askatu behar ditu emakume soldadu bakoitzeko, hau da, guztira 200.
Agentziak | EITB Media
Al Qassam Hamasen talde armatuaren milizianoek Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte jada gaurko askatzea aurreikusita zeuden lau emakume soldadu israeldarrak, 2023ko urriaren 7an bahitutakoak. Ekitaldi jendetsua antolatu du Hamasek Gaza Hirian su-etenean adostutako bigarren trukeari ekiteko, eta telebistaz emititu dute prozesua.
Liri Albag, 19 urtekoa; eta Karina Ariev, Naama Levy eta Daniella Gilboa 20 urtekoak izango dira libre geratuko direnak. Agam Berger soldaduak, berriz, Gazan jarraituko du.
Nahal Oz base militarrean zeuden guztiak, Gazatik kilometro batera, Hamasek bahitu zituenean.
Orain, Israelgo Defentsa Indarrek zehaztutako leku batera bidean doaz. Bertan, Giza Baliabideen Departamentuak osasun arreta eskainiko die, eta ondoren ospitalera eraman eta bertan elkartuko dira senideekin.
Su-eten akordioaren arabera, Israelek 50 preso askatu behar ditu emakume soldadu bakoitzeko, eta, beraz, espero da larunbat honetan gutxienez 200 preso aske uztea.
Sanad albiste-agentziaren arabera, askatuko dituzten 120 palestinarrek biziarteko kartzela zigorra dute, eta beste 80k, berriz, zigor luzeak. Gainera, libre geratuko diren presoetako 80 deportatu egingo dituzte.
Hamas erresistentzia palestinarraren erakundeak Gazako Zerrendan geratzen diren gatibu bizien eta hildakoen zerrenda jakiera ematea espero du larunbat honetan, erakundeko kide batek EFE albiste agentziari baieztatu dionez.
Hamaseko iturri horrek ziurtatu duenez, "akordioa arazorik gabe gauzatzen bada" (gatibuen trukea), zerrenda Israelgo agintariei emango diete.
Datozen asteetan zenbat preso palestinar askatuko dituzten zehazteko balioko du zerrendak, gatibuen balioa aldatu egiten baita haien egoeraren arabera.
Bestalde, Israelgo Espetxe Zerbitzuak preso palestinarrak Ramalan (Zisjordania okupatua) eta Gazako Zerrendaren mugan, Kerem Shalomen askatuko ditu. Hasiera batean, preso palestinarrak Israelgo Ofer (Jerusalemdik gertu) eta Ktziot (Gazako hegoaldean) kartzeletara eramango dituzte. Bertan, Gurutze Gorriko ordezkariek identifikatuko dituzte.
Gazan hasi zen su-etenaz geroztik, gatibu israeldarren eta preso palestinarren bigarren trukea izan da gaurkoa.
Joan den igandean, Hamasek hiru emakume eta Israelek 90 palestinar aske utzi zituzten. Egun horretan, Hamasek gatibuak askatu zituen arratsaldean, eta Israelgo agintariek preso palestinarrak aske utzi zituzten astelehen goizaldean, Ramala ondoko herri batean.
Senideek amore ez emateko eskatu diote Netanyahuri
Palestinako erresistentziaren eskuetan dauden gatibu israeldarren senideek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren Gobernuari eskatu diote eskuin muturreko gobernukideen presioen aurrean amore ez emateko eta su-etenaren fase guztiak errespetatzeko.
Bahituen Familien Foroak, gatibuen senideak biltzen dituen erakunde nagusiak, adierazi du erasoak berriz abiatzea "heriotza-zigorra" izango litzakeela askatu ezin dituztenentzat.
Senitartekoek Tel Avivera sartzeko errepide nagusia blokeatu dute gaur, eta akordioaren ahultasuna salatzeko pankartak zabaldu dituzte, Israelgo komunikabideek jaso dutenez.
Israelen erasoak Zisjordanian
Bitartean, asteartean martxan jarritako sarekadarekin aurrera jarraitzen du Israelek Yeninen (Zisjordania). Dagoeneko 14 palestinar hil eta 40 baino gehiago zauritu ditu Armada sionistak. Azken biak auto baten aurka egindako bonbardaketa batean hil dituzte, Qabatiyan, Yenin hegoaldean. Sionisten arabera, hildakoetako 10 milizianoak ziren, eta operazioan beste 20 atxilotu dituztela erantsi dute.
Asteartetik ibilgailu blindatuek eremuko sarrera guztiak blokeatuta dituzte (anbulantziei ere bidea mozten diete) eta frankotiratzaile israeldarrek, eraikin garaietan jarrita, oinezkoen joan-etorria eragozten dute.
Sarekadak gehien kaltetutako lekuetako bat Yeningo Gobernu Ospitalea da, Armada sionistak hainbat auzotan argindarra moztu ondoren, eta, gainera, erdigunera erregairik iristea eragozten ari da, Wafa albiste agentzia palestinarraren arabera.
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Rafah "erabat suntsitu" dutela salatu du gaur, erakundeko lantalde batek iazko maiatzetik Gaza hegoaldeko hiria lehen aldiz zeharkatu ostean.