Mundua -

Ekialde Hurbila

Dozenaka mila palestinar Gazako iparraldera itzultzen ari dira

Hamasen aburuz, "Israelen okupazioaren porrotaren adierazpena" da itzulera masiboa. Senideekin elkartzea eta txikizioaren erdian haien etxeak aurkitzea dute helburu desplazatuetako askok.

Palestinarrak Gaza iparraldera bidean
Palestinarrak Gaza iparraldera bidean
Milaka palestinar Gazako iparraldera itzuli dira

0:48

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka mila palestinar Gaza iparraldeko herrietara itzultzen ari dira, gehienak oinez hainbat ordu eginda, manifestazio baten gisan. 15 hilabetez etxetik kanpo egon ondoren, euren familiekin elkartzea, desagertutakoak bilatzea eta Israelek utzitako txikizioan haien etxeak aurkitzea da askoren helburua.

Israelgo Armadak astearte goizean baimendu du Gaza ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen pasabidea zabaltzea, zain zeuden palestinarrak haien herrietara itzultzen has zitezen. Urtarrilaren 19an indarrean sartu zen Israelen eta Hamas mugimenduaren arteko su-etenaren akordioko beste pausoetako bat da. 

Pasabidea irekitzea egun bat atzeratu du Israelek, Hamasek akordioa ez duela bete argudiatuta. Israelen aburuz, asteburuan Arbel Yehud bahitu zibila askatu behar zuen talde islamistak, soldaduek baino lehentasun handiagoa baitzeukan. Hamasek adierazi du ez zuela inolako lehentasunik.

Hamasek garaipen gisa ospatu du Gaza iparraldeko herritarren itzulera masiboa. "Masen itzulerak utzi dituen irudiek gure herriaren handitasuna eta, min eta tragedia sakona pairatu duten arren, gure herriaren irmotasuna berresten dute", adierazi du ohar baten bidez.

Izan ere, airetik hartutako irudiak ikusgarriak dira eta munduan zehar ibili dira, bolo-bolo. Oinez doan jende andanak Mediterraneo itsasoa du alde batean. Bestean, berriz,  Israelek 2023ko urriaren 7ko erasoei erantzuteko egindako ofentsibak utzi zuen hondamendia ikusi daiteke: birrindutako eraikinak, nonahi. 

Suntsiketaren erdian, ordea, gazatar gehienak irribarretsu ari dira euren herriak izan zirenera itzultzen, horietako asko, abesten eta musika-tresnak jotzen. Gehienak oinez ari dira bidea egiten, motxilak eta maletak soinean, nahiz eta ibilgailu batzuk ere sartu diren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Hamas