Mundua -
Ekialde Hurbila
Europar Batasunak Rafahko pasagunean soldaduak jartzea erabaki du, su-etena sendotzeko
Misio horren helburua da Gaza, Israel eta Egiptoren arteko muga horretako kontrolak gainbegiratzea.
Agentziak | EITB MEDIA
Europar Batasuneko (EB) Atzerri ministroek EUBAM Rafah misioa martxan jartzea adostu dute astelehen honetan. Horrekin, Gaza, Israel eta Egiptoren arteko muga zaintzea dute helburu, Israelgo Gobernuaren eta Hamasen arteko su-etena babesteko asmoz.
"Mundu guztia ados dago EUBAM Rafahk su-etenaren alde zeregin erabakigarria izan dezakeela esatean", jakinarazi du sare sozialetan Kaja Kallas EBren Kanpo Arazoetarako eta Segurtasunerako goi ordezkariak. Europar Batasunaren misio horrek Espainiako, Italiako eta Frantziako kideak izango ditu.
Ondoren, prentsaurreko batean, Kallasek azaldu du misioak muga horretako kontrolak gainbegiratuko dituela.
EUBAM Rafah EBren misio zibila 2005eko azaroan jarri zuten martxan, Israelek Gazatik alde egin ondoren. Gaur egun, etenaldian dago, baina Palestinako Mugetako eta Gurutzaguneetako Administrazio Orokorrari mugen kudeaketa integratuari buruzko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematen jarraitzen du, eta, gainera, merkataritza errazteko eta pasaporte biometrikoak izapidetzeko proiektuak babesten ditu.