Mundua -

AEB

Trumpek pertsona transak Armadatik bota ditu, eta hura ikertu zuten funtzionarioak, Justizia Departamentutik

Bestalde, covid-19aren txertoa jartzeari uko egin zioten eta kaleratu zituzten militarrak berriz onartzea eta kendu zituen soldata atzeraeraginez itzultzea agindu du AEBko presidenteak.

AEBko marine bat. Argazkia: EFE
AEBko marine bat.
AEBko marine bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agindu exekutibo bat bestearen ondoren ematen. Hala dabil Donald Trump AEBko presidente izendatu zutenetik. Azken orduetan sinatutakoetan, Armada berregituratzea agindu du, bi neurri polemiko hartuta: pertsona transexualak kaleratu ditu, eta pandemian covid-19an txertoa ez hartzeagatik kaleratutakoak, berriz onartu. Gainera, The Washington Post egunkariak zabaldu duenez, hura ikertu zuten funtzionarioak botatzeko agindua eman dio Justizia Departamentuari.

Lehen erabakiari buruz, Trumpen ustez, "arlo militarrean bikaintasuna bilatzea eta agenda politiko edo ideologia jakin batzuei men egitea ez datoz bat. Indar Armatuetan genero ideologia erradikal bat zabaldu da, ekintzaile jakin batzuen presioak apaltzeko".

Presidente errepublikanoak azpimarratu duenez, "sexuarekin bat ez datorren genero identitate bat hartzea ez da bateragarria soldadu batek izan behar duen bizimodu ohoragarri, benetako eta disziplinatuarekin".

Ildo beretik, Armadako aniztasun, berdintasun eta inklusio programa (DEI, ingelesez) kendu du, eta argudiatu halako neurriek meritokrazia urratzen dutela. "Indar Armatuen ezein kide ezin da lehenetsi edo baztertu sexu, arraza, etnia, kolore edo erlijioagatik", nabarmendu du.

Ifrentzuan, covid-19aren txertoa jartzeari uko egin zioten eta kaleratu zituzten militarrak berriz onartzea agindu du, "erreparazioa" merezi dutela sinistuta. Izan ere, Trumpen aburuz, "bidezkoa ez zen baldintza bat jarri zieten, beharrezkoa ez zena".

Azkenik, betiere defentsaren alorrean, Israelek duen defentsa sistemaren (Burdinazko Kupula) antzekoa eraikitzea agindu du.

Arlo judizialean, eta The Washington Post egunkariak aurreratu duenez, Etxe Zuritik klasifikatutako dokumentuak eramateagatik eta 2020ko hauteskundeetan egindako esku sartzeengatik Trump ikertu zuten funtzionario taldea kaleratzea agindu dio Justizia Departamentuari.

Jack Smith fiskala izan zen bi ikerketon buru, eta hark 40 bat abokaturen taldea osatu zuen. Bi kasuetan auzipetu zuten buruzagia, baina presidente izendatuta, ezerezean geratu ziren bi auziak. Egunkariak ez du zehaztu zenbat funtzionario kaleratu dituzten, baina zehaztu du ikerketan aparteko garrantzia izan zutela.

Egun berean jakin da, CNN telebista kateak kontsultatu dituen iturrien arabera, Justizia Departamentuak ikerketa abiatu duela Kapitolioan sartu zirenen kontrako auzia aztertu zuten fiskalen kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump LGTBI