Mundua -
Palestina
Israelek Ofer espetxean zeuden 110 preso palestinar askatu ditu
110 pertsona horiek Ramallahra bidean dira, Gurutze Gorriaren autobusetan, gertukoekin biltzeko. Dagoeneko euren familiekin dauden hiru gatibu israeldarren truke gisa askatu dituzte preso horiek.
EITB Media
Aurreikusita bezala, 110 preso palestinar askatu dituzte Israelgo Ofer espetxetik eta Ramallahra bidean dira, Gurutze Gorriaren autobusetan.
Dagoeneko euren familiekin dauden hiru gatibu israeldarren truke gisa askatu dituzte preso horiek.
Israelgo hedabideen arabera, Ketzioteko segurtasun goreneko presondegian zeudenak atera dituzte lehenengo, eta horiek izan dira autobusetan Ramallahara abiatu diren lehenak. Ofer espetxekoak bertan 17:00ak zirenean (16:00ak Euskal Herrian) askatu dituzte eta horiek ere Ramallahara iritsi dira dagoeneko. Zain zituzten han ehunka senide eta lagun.
Preso hartutakoak ordu batzuk lehenago askatzea zegoen aurreikusita, baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzeratu egin du, askatutako bi bahituk jasan duten tratu "mehatxagarria" argudiatuz. Milizanoek presoak Gurutze Gorriaren esku utzi dituztenean milaka gazatar bildu dira, eta tarte batean tentsioa izan da.
Bigarren ohar batean, Netanyahuk azadu duenez, bitartekariaek hitz eman dute "irteera seguru bat" bermatuko dutela aurrerantzean, eta horrekin, badirudi askatu dela korapiloa.
Arbel Yehud (29 urte) eta Gadi Moses (80 urte) bahituak Gurutze Gorriaren ibilgailuetara zihoazenean, Jihad Islamikoko milizianoak, aurpegiak erabat estalita zituztela, giza ezkutu bat egin behar izan dute haiek babesteko eta inguruan bildutako milaka gazatarrei tartea zabaltzeko eskatzeko.
Bideoan, Yehud ikus daiteke, beldur aurpegiarekin, oihuka ari zaion jendetza baten artean aurrera egiten, armatutako milizianoetako bati besotik helduta.
Gutxienez 12 palestinar zauritu dira gaur arratsaldean Beitunian, Ofer kartzelatik kilometro bat pasatxora, soldadu israeldarrak dozenaka pertsonei oldartu zaizkie eta, tartean, kazetariei.
Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, biktimetako hiru benetako munizioarkin zauritu dituzte, eta gainerakoak, gomazko balekin eta gas negar-eragilearekin.