Mundua -

Washingtongo hegazkin-istripua

Aire-kontrolatzaile bakar bat bi zereginetan ari zen aldi berean Washingtongo hegazkin-istripua gertatu zenean

Ronald Reagan aireportuko langileek eurek salatu zuten aurretik langile falta. Trumpek, baina, demokratak jo ditu istripuaren errudun "desgaitasunak" dituzten kontrolatzaileen kontratazioa bultzatzen zutela argudiatuta.

Istripua izan zuen hegazkina, txikituta. EFE
Istripua izan zuen hegazkina, txikituta.
Istripua izan zuen hegazkina, txikituta. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerlariek uste dute oraindik hilabete beharko dutela Washingtongo hegazkin-istripua zerk eragin zuen argitzen hasteko lehen txostena esku artean izateko, baina Abiazioaren Administrazio Federalak egindako lehen ikerketaren arabera, ezbeharra izan zenean aire-eremua kontrolatzen ari zen langileen kopurua "une horretako trafiko bolumenak eskatzen zuenaren azpitik" zegoen.

AEBko hainbat komunikabidek lehen ikerketa horren datuak eskuratu dituzte. Horien arabera, aire-kontrolatzaile bakar bat bi zereginetan ari zen aldi berean ezbeharra gertatu zenean: bidaiarien hegazkinak kontrolatzen eta AEBko hiriburua zaintzen ari ziren helikopteroak gainbegiratzen.

Hegazkin-istripuak agerian utzi ditu Ronald Reagan aireportuaren langile falta eta AEBko aire-kontrolatzaileen lan-baldintza kaskarrak. Aurretik ere salatuta zuten egoera hori beharginek eurek eta baita hainbat adituk ere.

The New York Times egunkariak 2023ko abuztuan egindako ikerketa batek ohartarazi zuenez, aire-kontrolatzaile askok 10 orduko lanaldiak egiten zituzten, astean sei egunez. Albisteak hautsak harrotu zituen, eta agintariek neurriak hartu zituzten, baina ez nahikoak; izan ere, Washingtongo Ronald Reagan aireportuak behar zituen 30 lanpostuetatik 25 baino ez zituzten bete.

AEBko hiriburuko aire-zirkulazioa bereziki korapilotsua da, eremu txikian aireontzi asko baitabiltza; izan ere, bidaiarien hegazkinen etengabeko joan-etorriaz gain, Washington hiriburua zaintzen duten helikopteroak daude. Aireportuak emandako datuen arabera, egunean 100 helikoptero baino gehiago dabiltza hara eta hona.

The Washington Post egunkariaren arabera, ohikoak dira arazoak Washingtongo aireko zirkulazioan. Istripuaren bezperan bertan, "hegazkin baten lurreratzea bertan behera utzi behar izan zuten helikoptero batekin talka egin ez zezan".

Trumpek demokratak egin ditu erantzule

Zantzu horiei muzin eginda, beste bide bat hartu du Donald Trump AEBko presidenteak. Inongo frogarik aurkeztu gabe, eta istripuan hildako 67 pertsonen gorpuak uretatik atera gabe zeudenean, buruzagi errepublikanoak Biden eta Obama egin ditu ezbeharraren erantzule. Horren esanetan, aire-kontrolatzaileak kontratatzeko baldintzak leundu zituzten demokratek, "desgaitasunak" zituzten hautagaiak aukeratzeraino.

Trumpen aburuz, Bidenen eta Obamaren aurreko administrazioek "desgaitasun intelektual eta psikiatriko larriak dituzten pertsonak kontratatzeko politikak bultzatu dituzte", eta AEBko "abiazio sisteman lan egiten dutenei maila altuagoa" eskatu behar zaie, presidente errepublikoanoaren ustez. "Prestatuago dauden pertsonak behar ditugu, azkarragoak, aparteko gaitasunak dituztenak (...); halako pertsonak bakarrik izan ahal dira aire kontrolatzaileak", gaineratu du.

Presidente errepublikanoaren esanetan, bera lehen aldiz boterera heldu zenean "ez zen maila hori eskatzen". "Obamaren estandar eskasak aldatu nituen apartekoak jartzeko, beti uste izan dut adimen maila gorena behar zela aire-kontrolatzaile gisa lan egiteko", erantsi du.

Trumpen arabera, Bidenek Presidentetza hartu zuenean, Obamaren irizpideak berrezarri zituen. "Inoizko baldintza eskasenak ezarri zituen", salatu du.

Aire-kontrolatzaileen lana zalantzan jartzeaz gain, hegazkin militarreko pilotuaren kontra ere egin du AEBko presidenteak. "Hotz egiten zuen, baina zerua garbi zegoen. Pilotuak arazoak zituela ematen du", gaineratu du.

Desagertuta dauden 14 pertsonak bilatzeko lanean

Trumpek baieztatu du istripuan ez dela inor onik atera. Azken orduetan, dozenaka gorpu atera dituzte uretatik, eta faltan diren 14en bila ari dira erreskate taldeak.

Erreskate taldeak oso baldintza gogorretan ari dira lanean, Potomac ibaia ia izoztuta dagoelako.

Washingtongo istripua AEBn 2001etik heriotza gehien eragin dituen hegazkin-ezbeharra da.

Erreskate taldeak, lanean. EFE

Erreskate taldeak, lanean. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden