Mundua -
AEB
Mexikori, Kanadari eta Txinari ezarritako muga-zergak sinatu ditu Trumpek
Gainera, Donald Trump presidenteak esan du gauza bera egingo duela Europar Batasunarekin, AEB "oso gaizki" tratatzen duelako.
agentziak | eitb media
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak baieztatu duenaren arabera, datorren asteartean sartuko dira indarrean Donald Trump AEBko presidenteak Mexikoko, Kanadako eta Txinako inportazioei ezarritako muga-zergak.
"Presidenteak % 25eko muga-zerga ezarriko dio Mexikori, % 25ekoa Kanadari eta % 10ekoa Txinari dozenaka milioi estatubatuarren heriotza eragin duen legez kanpoko fentaniloa gure herrialdean barreiatzeagatik", adierazi du prentsaurreko batean.
Muga-zerga horiek AEBko ekonomian eragin dezaketen kalteaz galdetuta, Leavittek erantzun du Trumpek atzera egiteko aukera duela, hala nahi izanez gero.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak balizko muga-zergei erantzun "irmoa" eta "arrazoizkoa" emango diela hitzeman ostean iritsi da neurria.
Muga-zergak Europar Batasunari
Gainera, AEBko presidenteak esan du Europar Batasunak bere herrialdera bidaltzen dituen produktuei ere ezarriko dizkiela muga-zergak, baina ez du zehaztu ez zein produkturi ez noiz sartuko diren indarrean.
"Oso gaizki tratatzen gaituzte. Ez dituzte gure autoak onartzen, ez dituzte gure nekazaritza-produktuak onartzen; ez dute ia ezer onartzen, eta defizit handia dugu Europar Batasunarekin. Beraz, zerbait oso garrantzitsua egingo dugu EBrekin, balantza orekatu behar dugu", gaineratu du agintariak.
Merkataritza-balantza kezka-iturri handi bihurtu da Trumpentzat, 2023an EBk superabita lortu baitzuen inportazio eta esportazioen balantzan AEBrekin, 502.000 milioi euroko esportazioak eta 340.000 milioi euroko inportazioak egin baitzituen, Europako Batzordearen arabera.