Mundua -
AEB
Kanadak, Mexikok eta Txinak Trumpen muga-zergei erantzun diete
Trudeauk iragarri du antzeko zerga bat ezarriko diela AEBtik inportatzen dituzten produktuei, eta Sheinbaumek neurriak iragarri ditu zerga arloan eta zerga arlotik kanpo. Txinak salaketa jarriko du Munduko Merkataritza Erakundean.
agentziak | eitb media
Donald Trump AEBko presidenteak mehatxuak bete eta % 25eko muga-zergak ezarri dizkie Kanadako eta Mexikoko inportazioei, eta % 10ekoa Txinakoei.
Asteartean, otsailaren 4an, sartuko dira neurriak indarrean, Washingtonen 00:01 direnean.
Kasu guztietan, Trumpek argudiatu du fentaniloaren eta beste droga batzuen trafikoan hiru herrialdeek duten inplikazioagatik hartu dituela neurriak, droga horiek "gizarte sarea arriskuan" jartzen ari direlakoan.
AEBko presidenteak sinatutako hiru aginduetan ohartarazten da muga-zergak handituko dituela aipatu herrialdeek errepresaliak hartzen badituzte, baina Kanadak eta Mexikok jada erantzun dute.
Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak hauxe idatzi du X sare sozialean: "Guztiz ukatzen dugu Mexikoko Gobernuak talde kriminalekin harremanak dituela edo esku hartzeko inolako asmorik izatea".
Gainera, Sheinbaumek "muga-zergekin lotutako neurriak eta hortik kanpokoak" iragarri ditu "Mexiko defendatzeko". Ekonomia idazkariak datozen egunetan iragarriko omen ditu "B plana" deiturikoak jasotzen dituen neurriak.
Kanada ere ez da geldirik geratu. Justin Trudeau lehen ministroak iragarri du errepresaliak hartuko dituela eta % 25eko muga-zerga ezarriko diela AEBtik inportatzen dituzten produktuei, eta horrek 155.000 milioi dolarreko eragina izango duela aurreratu du.
Asteartean hasiko omen da Kanada AEBko inportazioei 30.000 milioi dolarreko muga-zerga ezartzen, eta gainerako 121.000 milioi dolarreko zergak 21 egun geroago ezarriko ditu, Kanadako konpainiek "beste aukera batzuk bilatzeko tartea izan dezaten".
Bestalde, Txinak iragarri du "dagokion erantzuna" emango diola AEBri bere eskubideak eta interesak "zaintzeko", eta, besteak beste, Munduko Merkataritza Erakundean salaketa jartzeko aukera aipatu du.