Mundua -

Ekialde Hurbila

Akordioa hautsi izana egotzi dio Hamasek Israeli, Gazara laguntza "urria" heldu baita

Astelehen honetan hasiko dituzte su-etenaren bigarren fasea zehazteko negoziazioak, helburu zeharo zaila dutela: Gazako Zerrendaren etorkizun politikoa argitzea.

Palastinar talde handi bat, hondakinen artean oinez. Argazkia: EFE
Palastinar talde handi bat, hondakinen artean oinez
Palastinar talde handi bat, hondakinen artean oinez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamasek su-eten akordioa hautsi izana egotzi dio Israeli, Gazara heldutako laguntza humanitario "hutsala" dela iritzita. Gainera, botikarik eta erregairik ez dela iritsi salatu du.

"Okupazioak ez dio laguntza humanitarioari biderik eman, eta iritsi zaigun erregai kopurua ere hitzarmenean adostutakoa baino askoz txikiagoa izan da", kritikatu dute ohar baten bidez.

"Bitartekariei exijitzen diegu okupatzaileei agintzeko berehala bidera dezatela laguntza, eta beste urraketa guztiak eten ditzatela. Batez ere, kanpin-dendak, erregaia, elikagaiak eta makineria astuna behar ditugu", nabarmendu du Hamasek.

Dohan adostutako su-eten akordioa urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, eta bertan jaso zutenaren arabera, lehenengo sei asteetan egunean gutxienez 600 kamioi sartu behar ziren Gazako Zerrendan, laguntza eramateko (erregaia eramateko 50 kamioi tartean). Kamioi horien % 50 Gaza iparraldera joan behar ziren, gosetea baitute bertan.

Lehen astean 4.200 kamioi sartu zirela esan zuen Nazio Batuen Erakundeak. Dena den, jakinarazi zuen erronka logistiko izugarriak dituela Gazara heltzen den laguntzak, ingurua hondakinez eta oraindik lehertu gabe dauden lehergailuz beteta dagoelako.

Bi lagun hil dira eta bederatzi gorpu aurkitu dituzte

Gutxienez bi gazatar hil dira azken orduotan aurretik zituzten zaurien ondorioz, eta erreskate-taldeek bederatzi gorpu aurkitu dituzte hondakinen artean, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Guztira, beraz, 47.498 pertsona hil ditu Israelek 2023ko urritik.

Bestalde, menia indarrean denetik, 400 lagun hil dira, eta errekaste-taldeek lanean jarraitzen dute hilotzak bilatu nahian.

Bigarren faserako negoziazioak, hastear

Israelek eta Hamasek astelehen honetan hasiko dituzte su-etenaren bigarren fasea zehazteko negoziazioak, helburu zeharo zaila dutela: Gazako Zerrendaren etorkizun politikoa argitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas