Mundua -

Gerra komertziala

Trumpek Kanadarekin eta Mexikorekin hitz egingo du gaur, muga-zergak indarrean sartu bezperan

AEBko presidenteak ez du uste Sheinbaum eta Trudeaurekin izan behar dituen elkarrizketek "ezer izugarririk" ekarriko dutenik. Biek ala biek iragarri dute neurri bertsuekin erantzungo dutela. Dena dela, Mexikok ez du oraindik zergen gaineko xehetasunik eman, eta gaurko atzeratu du iragarpena.

Trump, muga-zergen dekretua sinatzen. Argazkia: EFE
Trump, muga-zergen dekretua sinatzen.
Trump, muga-zergen dekretua sinatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihar, asteartearekin (Washingtonen 00:01 direnean, 06:01, Euskal Herrian), sartuko dira indarrean AEBk Kanadari, Mexikori eta Txinari, hurrenez hurren, ezarri dizkien % 25 eta % 10eko muga-zergak. Hiru herrialdeek dagoeneko iragarri dute modu bertsuan erantzungo dutela. Mundua gerra komertzialaren ate-atean dago, bada.

Indarrean sartu bezperan, Donald Trump AEBko presidenteak Claudia Sheinbaum Mexikoko buruzagiari eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroari telefonoz deituko die.

"Trudeaurekin bihar (gaurkoagatik) goizean hitz egingo dut, Mexikorekin ere bihar arituko naiz. Ez dut ezer izugarririk espero. Muga-zergak ezarri ditugu. Diru asko zor digute, eta ziur naiz ordainduko digutela", adierazi die bart kazetariei.

Kanadak eta Mexikok esana dute muga-zergoi erantzun egingo dietela. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa izan da hitz egiten lehena, eta iragarri du errepresaliak hartuko dituela eta % 25eko muga-zerga ezarriko diela AEBtik inportatzen dituzten produktuei, eta aurreratu du horrek 155.000 milioi dolarreko eragina izango duela. Sheinbaumek, oraingoz, ez du zehaztu zer nolako erantzuna emango duen, eta iragarpena atzeratu du. Gaur argituko omen du.

Fentaniloaren krisiari aurre egiteko negoziazio mahaia osatzea proposatu dio Mexikoko presidenteak Trumpi. AEBko presidenteak eskaintzari erantzun ezean iragarri du neurriak hartuko dituela.

"Mexikok ez du liskarrik nahi. Auzoko herrialdeekin lankidetzan aritzeko prest gaude. Mexikok ez du nahi AEBra fentanilorik heltzea, baina ez du beste inora heltzea nahi", azpimarratu du.

Bien bitartean, Txinak iragarri du "dagokion erantzuna" emango diola AEBri bere eskubideak eta interesak "zaintzeko", eta, besteak beste, Munduko Merkataritza Erakundean salaketa jartzeko aukera aipatu du.

Europar Batasunari ere bai, baina datarik gabe

Mexiko, Kanada eta Txinari ezarritako muga-zergen dekretua sinatuta du Trumpek, baina iradoki duenez, "aurki" gauza bera egingo du Europar Batasunarekin ere (EB). "Ez dituzte gure kotxeak erosten, ezta gure nekazaritza produktuak ere. Ez dute ia ezertxo ere erosten, eta guk, ordea, milioika kotxe, elikagai kopuru handia eta nekazaritza produktuak erosten dizkiegu", adierazi du bart, Marylanden. "Ez du datarik, baina laster izango dela esango nuke", erantsi du.

Erresuma Batuari buruz, zuhurrago agertu da Trump. Horren ustez, "gehiegikeriaz jokatu du, baina konpon liteke". Nabarmendu duenez, Keir Starmerrekin izan dituen hartu-emanak "oso atseginak" izan dira. "Pare bat bilera eta hainbat dei izan ditugu. Oso ondo konpontzen gara", argitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Kanada Merkataritza