Mundua -

Gerra komertziala

Mexiko eta Kanadari ezarri nahi dizkien arantzelak hilabete atzeratu ditu Trumpek, baina Txinari ezarri dizkio

Luzamendua AEBko presidenteak Trudeau eta Sheinbaun buruzagiekin hitz egin eta mugen kontrola indartzeko neurriak adostu ostean sartu da indarrean. Txinak, bestalde, iragarri du AEBko hainbat produkturi % 10-15eko muga-zergak ezarriko dizkiola, erantzun gisa.

Donald Trump, bulego obalean. Argazkia: EFE
Donald Trump, bulego obalean.
Donald Trump, bulego obalean. Argazkia: EFE

agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak hilabetez atzeratu ditu Mexikori zein Kanadari ezartzekoak ziren % 25eko muga-zergak, azken orduan bi herrialdeekin mugen kontrolari buruz lortutako akordioei esker. Txinari jarritako muga-zergak, ordea, indarrean sartu dira, baina Trumpek iragarri du Pekinekin hartu-emanak hasiko dituela "ziurrena" datozen 24 orduetan.

Asiako erraldoia, baina, ez da erantzun gabe geratu, eta jakinarazi du % 10-15eko muga-zergak ezarriko dizkiela AEBko hainbat produkturi; neurriok otsailaren 10ean sartuko dira indarrean. Zehatz esanda, % 15eko gain-zerga jarriko die ikatzari eta gas natural likidotuari, eta % 10ekoa, petrolio gordinari, nekazaritzako makineriari, zilindrada handiko ibilgailuei eta kamionetei.

Horiek nahikoa ez, mineral batzuen esportazioan (tungstenoa, telurioa, bismutoa, molibdenoa eta indioa) kontrol gehiago ezartzeko asmoa du, eta Googleren kontrako ikerketa abiatuko du monopolioagatik. 

Behin-behineko akordioa Mexiko eta Kanadarekin

Beste bi herrialdeek, Mexikok eta Kanadak, muga-zergak saihestu dituzte, oraingoz. Biek ala biek 10.000 soldadu jarriko dituzte mugan, fentalinoaren trafikoa eta migratzaileen joan-etorria zaintzeko.

Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea izan zen akordioa iragartzen lehena. Jakinarazi zuen AEBk eta bere herrialdeak partekatzen duten mugan Guardia Nazionalaren 10.000 agente jarriko dituela. Trumpen esanetan, "soldaduek fentaniloaren trafikoa eta migratzaile ilegalak geldiarazten jardungo dute.

Kosta ala kosta, muga-zergak saihestea izan da Mexikoren helburua, izan ere, Estatu Batuak dira bere bazkide komertzial garrantzitsuena. Iaz, esaterako, esportazioak Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 30 izan ziren, 490.183 milioi dolar, Mexikoko Lehiakortasunaren Institutuaren datuen arabera.

Gerora etorri zen Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin egindako hitzarmena. Horrek ere 10.000 soldadu gehiago jarriko ditu mugan, eta 1.300 milioi dolar bideratuko ditu muga zaintzeko egitasmo batera. "Helikoptero, teknologia eta giza baliabide gehiago jarriko ditugu, AEBrekin koordinazioa hobetuta, fentaniloaren trafikoa geldiarazteko", azaldu du X sarean partekatutako mezu batean. 

Gainera, Trudeauk agindu du "fentaniloaren tsar" bat izendatuko duela, droga hori kontrolatzeko, eta drogaren kartelak erakunde terroristen zerrenda sartuko dituela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump