Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
Txinak ere muga-zergekin erantzun dio Trumpi, AEBko zenbait produkturi % 10 eta % 15 arteko zergak ezarrita
Besteak beste, AEBtik inportatutako gasari, petrolioari eta ibilgailuei ezarriko dizkie muga-zergak Txinak. Horrez gain, Google multinazionalaren kontrako ikerketa abiatu du, Monopolioaren Aurkako Legea urratu duelakoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trumpek AEBko presidente kargua hartu orduko abiatu zuen gerra komertziala hasi baino ez da egin. Besteak beste, Txinako produktuen gaineko muga-zergak iragarri zituen —gaur sartu dira indarrean—, eta txanpon berarekin erantzun dio azken horrek. Asiako erraldoiak jakinarazi du % 10 eta % 15 arteko muga-zergak ezarriko dizkiela, otsailaren 10etik aurrera AEBtik inportatutako zenbait produkturi.
Goizaldean zabaldutako ohar batean eman du erabakiaren berri Txinako Gobernuko Mugen Kontrolerako Batzordeak. Bertan zehazten denez, ikatzari eta gas natural likidotuari % 15eko muga-zerga ezarriko zaie, eta petrolioari eta hainbat ibilgailuri (nekazaritzako makineriari, zilindrada handiko ibilgailuei eta kamionetei), % 10ekoa. Mineral batzuen esportazioan ere (tungstenoa, telurioa, bismutoa, molibdenoa eta indioa) kontrolak areagotuko dituztela azaldu dute komunikatuan. Mineral horiek ezinbestekoak dira armagintza-industrian eta trantsizio berderako prozesuan, besteak beste, eguzki-plakak, bateria elektrikoak eta txipak ekoizteko erabiltzen baitira. "Inportatutako produktuak jatorriz AEBkoak direnean, dagoeneko indarrean dituzten zergen gainetik ezarriko zaizkie tarifa berriak".
Txinaren arabera, Trumpek iragarritako muga-zergek "Munduko Merkataritza Erakundearen arauak urratzen" dituzte, eta "Txina eta AEB arteko elkarlan ekonomikoa eta komertziala koloka" jarri dute.
Google ikertuko dute
Era berean, Txinako Merkatuaren Erregulaziorako Administrazioak jakinarazi du ikerketa abiatuko duela Google multinazional teknologikoaren kontra, uste baitu Monopolioaren Aurkako Txinako Legea urratzen duela. Argudiatu dute ikerketa "legea kontuan hartuta, eta herrialdearen segurtasuna babesteko" abiatu dutela.
Trumpen lehendabiziko agintaldian ere (2017-2021), Estatu Batuen eta Txinaren arteko harreman komertzialak asko tenkatu ziren. Orduan ere, AEBko presidenteak muga-zergak handitu zizkien Txinako inportazioei, eta azken horrek gauza bera egin zuen.
Mexiko eta Kanada
Gerra komertzial honen erdian, Trumpek hilabetez atzeratu ditu Mexikori zein Kanadari ezartzekoak ziren % 25eko muga-zergak, azken orduan bi herrialdeekin mugen kontrolari buruz lortutako akordioei esker.
Oraingoz, gobernuburu estatubatuarrak ez du adierazpenik egin Txinak hartutako erabakiaz, baina bart igarri zuen Pekinekin hartu-emanak hasiko dituela "ziurrena" datozen 24 orduetan.