Mundua -

AEB

Trumpen Gobernua pertsona migratzaileak Guantanamora bidaltzen hasi da

Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak esan duenez, "ez dugu onartuko AEB mundu osoko nazioetako legez kanpoko kriminalen zabortegia izatea".

AEBko soldaduak, Guantanamora bidean. Argazkia: EFE
AEBko soldaduak, Guantanamora bidean. Argazkia: EFE
AEBko soldaduak, Guantanamora bidean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek Guatanamoko (Kuba) Base Militarrera bidali dute pertsona migratzaile atxilotuen lehen hegaldia, Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak jakitera eman duenez.

"Ez dugu onartuko AEB mundu osoko nazioetako legez kanpoko kriminalen zabortegia izatea", adierazi du bozeramaileak gaur goizean, Fox News telebista katean.

Donald Trump presidentearen Gobernuak "paperik gabeko" 11 milioi pertsona migratzaile baino gehiagoren aurkako kanpaina abiatu du, "kriminalak" direla esanez, eta AEBren historiako deportazio kanpainarik handiena egingo duela agindu du.

Boterean izan diren lehen asteetan, 3.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte herrialde osoan, Trumpek agindutako sarekada "masiboetatik" urrun.

Guantanamoko itsas basearen gaitasuna handitzea agindu zuen presidenteak, 30.000 pertsona baino gehiago hartzeko, eta Pentagonoak 150 militar baino gehiago zabaldu ditu zeregin horretarako.

Joan den asteazkenean, migratzaileen Guantanamoko zentroaren edukiera handitzeko memoranduma sinatzean, Trumpek azpimarratu zuen neurriak "AEBko herriarentzat mehatxu diren legez kanpoko etorkin kriminal ankerrenak geldiaraztea" duela helburu.

Ameriketako Estatu Batuetako legearen pean, herrialdean baimenik edo legezko estatusik gabe bizitzea ez da arau-hauste kriminala, zibila baizik. Beraz, gezurra da paperik gabeko pertsonek "historia kriminala" dutenik, egungo Gobernuak ziurtatu duen bezala.

AEBk deportatu edo kanporatu ondoren, muga ikuskapenik gabe zeharkatzea eta AEBn sartzen saiatzea zigor-legedian tipifikatuta dago: lehena, delitu txiki gisa, eta bigarrena, delitu larri bezala.

Hainbat ikerketak, Stanfordeko Unibertsitateko ikerketa bat barne —60ko hamarkadatik datuak aztertzen ditu—, ondorioztatu dute pertsona migratzaileek aukera gutxiago dutela krimenak egiteko edo krimen batengatik zigortuak izateko AEBn jaiotakoek baino.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Giza eskubideak Ultraeskuina