Mundua -

AEB-Israel

AEBk Gazako Zerrendaren "kontrola" hartuko du, Trumpek nabarmendu duenez

AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa hartu du Etxe Zurian. Horren ostean, elkarrekin eman duten prentsaurrekoan, Trumpek azaldu du Palestinarren eremua "Ekialde Hurbileko Riviera" bihurtu nahi duela, gazatarrak beste eremu batera "behin betiko" lekualdatuta.

Trump eta Netanyahu, bart, prentsaurrekoan. EFE
Trump eta Netanyahu, bart, prentsaurrekoan.
Trump eta Netanyahu Etxe Zurian bildu dira

0:58

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak azpimarratu duenez, Ameriketako Estatu Batuek Gazako Zerrenda "kontrolpean" hartu eta berreraiki egingo dute "Ekialde Hurbileko Riviera" berria bilakatzeko. Horren esanetan, "munduko jendea bizi ahalko da gaur egun eraisteko dagoen eremu horretan". Palestinarrei dagokienez, "ezingo dira itzuli", eta beste gune batera lekualdatu beharko dituzte, "behin betiko"

"Ez dut xelebrea edo azkar ustekoa izan nahi, baina Ekialde Hurbileko Riviera... itzela litzateke", adierazi du Trumpek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa aldamenean zuela, irribarretsu.

Presidente errepublikanoak Etxe Zurian hartu du buruzagi israeldarra, kargua hartu zuenetik jasotzen duen nazioarteko lehena. Aurreko aldiz atera da Netanyahu Israeldik Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua eman zuenetik, iazko azarotik. Washingtonek, ordea, aginduari entzungor egin dio eta, are, ez dio auzitegiari legitimotasunik aitortzen. Horrenbestez, bisitarekin indarberrituta azaldu da Netanyahu, Hamasekin egindako su-eten akordioak arrakalak sortu baititu horren koalizio gobernuan. Gainera, gazatarrak beste leku batera bidaltzeko ideia berretsi du Trumpek —duela 10 bat egun Egiptora edo Jordaniara bidaltzeko proposatu zuen—. Oraingoan, "modu iraunkorrean" lekualdatzeko mezua erantsi du, gainera.

"Gure erantzukizuna da zartarazi gabeko lehergailuak eztandaraztea, lurra berdintzea, txikituta dauden eraikinak botatzea, eta eremu guztia atontzea garapen ekonomikoa gauzatu dadin. Modu horretara, enpleguak sortu eta etxebizitzak eraiki ahalko ditugu, mugagabe", azaldu du.

Trumpen ustez, Palestinako herritarrak beste leku batzuetara bidali behar dituzte, ezinezkoa baita inork gerrak suntsitutako lurralde batean bizi nahi izatea.

"Hamarkada luzez, heriotza izan da nagusi Gazan. Horixe gertatu izan da luzaroan. Dena da heriotza. Jende horrentzat gune polit eta iraunkor bat bilatu ahalko bagenu, etxebizitza politekin, zoriontsu izan daitezen, inork tirokatu, labanaz eraso edo hilko ez dituen eremu bat", esan du Trumpek.

Bi buruzagiak, irribarretsu, Etxe Zurian. EFE

Bi buruzagiak, irribarretsu, Etxe Zurian. EFE

Soldaduak Gazara bidaltzeko aukera

Gaza berreraikitzeko lan horietan laguntzeko, AEBko presidenteak ez du baztertu AEBko soldaduak bertara bidaltzea: "Beharrezkoa dena egingo dugu. Gure gain hartuko dugu".

Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak aldarrikatu du Israelek "gerra irabazten amaituko du", eta orain arte erakutsi dion babesa eskertu dio Trumpi. Horren ustez, herrialde hebrearraren garaipena "AEBren garaipena ere izango da".

Buruzagi sionista ziur agertu da Saudi Arabiak eta biok elkar ulertuko dutela, Trumpen laguntzarekin betiere. Izan ere, AEBko presidentearen helburua da Israel eta Saudi Arabiaren arteko harreman diplomatikoak berreskuratzea. Horretan jardun zuen bere lehen agintaldian, eta Bidenek ere saiakera egin zuen; biak ala biak, alferrik.

Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''
Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''
Mikel Ayestaran: ''Dena kolokan dago Estatu Batuen Gazarako etorkizuneko planak ezagutu ondoren''

0:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Palestina Hamas