Mundua -

GAZA

Hamasek ziurtatu du ez duela baimenduko AEBk Gazako Zerrendaren kontrola hartzea

Miliziaren arabera, presidente estatubatuarrak Gazarako iragarritako planak "kaosa eta tentsioa" eragingo du eskualdean. Saudi Arabia ildo beretik mintzatu da, eta AEBk Gaza okupatzearen eta gazatarrak behin betiko beste gune batera lekualdatzearen kontra agertu da.

Gazako Zerrenda, artxiboko irudi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Gazako Zerrenda, artxiboko irudi batean
Gazako Zerrenda, artxiboko irudi batean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazako Zerrenda kontrolpean hartu eta bertan bizi diren gazatarrak behin betiko beste toki batzuetara lekualdatzeko planak —ia bi milioi pertsona— erreakzio soka luzea eragin du, bereziki, Ekialde Hurbilean.

Hamasek argi eta garbi utzi du ez duela baimenduko Trumpek plan hori aurrera eramatea.

Sami Abu Zuhri Hamasen goi kargudunak ziurtatu du miliziak ez duela onartuko eskualdean "kaosa eta tentsioa" eragingo lukeen edozein plan gauzatzea. Are gehiago, Trumpen adierazpenak "burugabeak" direla uste du.

Aurreikusi bezala, Saudi Arabia ere AEBk Gaza okupatzearen eta gazatarrak behin betiko beste gune batera lekualdatzearen kontra agertu da. Horren esanetan, "bake justu eta iraunkorra" lortzea "ezinezkoa" izango da nazioarteko ebazpenak ez badira betetzen eta Palestinako herriak bere eskubide legitimoen jabe egiten ez bada.

Atzerri Ministeroak X sare sozialean zabaldutako mezuan nabarmendu duenez, Saudi Arabiak ez ditu Israelekin harreman diplomatikoak abiatuko Palestinako estaturik ez badago.

"Saudi Arabiak Palestinako estatu independente bat sortzeko ahaleginean jarraituko du (...). Horrela ez bada, ez du harreman diplomatikorik izango Israelekin", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Gazako Zerrenda Albisteak Gaur Albisteak Trump gaur Israel Palestina gaur Saudi Arabia gaur Hamas albisteak