Mundua -
SU-ETENA GAZAN
Gazatik "euren borondatez" atera nahi duten palestinarrentzat plan bat prestatzen hasi da Israelgo Gobernua
Donald Trump AEBko presidenteak palestinarrak Gazatik kanporatzeko eta lurraldearen kontrola hartzeko asmoa agertu eta biharamunean eman dio Israelgo Defentsa ministroak plana prestatzen hasteko agindua Armadari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gazatik "euren borondatez" atera nahi duten palestinar zibilentzat plan bat prestatzen hasteko agindua eman dio Israelgo Gobernuak bere Armadari. Hala jakinarazi du Israel Katz Defentsa ministroak, aginduaren berri emateko zabaldu duen oharrean: "Gazako herritarrek mugitzeko eta migratzeko duten askatasuna ahalbidetu behar da, mundu osoan egiten den bezala", dio idatziak.
Hain zuzen, Donald Trump AEBko presidenteak Gazako Zerrenda osoaren kotrola hartzeko asmoa azaldu eta biharamunean iritsi da Katzen plana. Presidente estatubatuarrak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela jakinarazi zion munduari zer plan zuen. Aurrena, Gazako biztanleak eskualdetik atera eta Egiptora eta Jordaniara bidali nahi ditu, eta ondoren, Zerrendaren kontrola hartu, eremu hori Ekialde Hurbileko Riviera bihurtzeko.
Plan horren gaineko xehetasun gutxi eman du Israelgo Gobernuak. Oraingoz zabaldutako informazioaren arabera, gazatarrek "irteteko hainbat aukera" izango dituzte, lurretik, itsasotik eta airetik.
Katz Defentsa ministroak oharrean dioenez, Gaza berreraikitzea urte askotako lana izango da eta horri lotutako proposamen bat ere lantzen ari dira. Proposamen horretan jasotzen denez, Hamasek ez du Gazaren agintea izango.
"Hamasek giza ezkutu gisa erabili zituen Gazako herritarrak eta azpiegitura terrorista eraiki zuen herriaren bihotzean, eta orain bahituta ditu, diruarekin estortsionatuz eta Gazatik ihes egitea eragotziz", gaineratu du Katzek.