Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
Bruselak, Trumpi: "Ez dago inolako justifikaziorik EBko altzairuari eta aluminioari muga-zergak ezartzeko"
AEBko presidenteak atzo egindako iragarpenari ohar batekin erantzun dio EBk. "Gure negozioen, langileen eta kontsumitzaileen interesak defendatuko ditugu, justifikaziorik ez duen edozein neurriren aurrean", ohartarazi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak kargua hartu zuenetik hainbat herrialderekin zabaldu ditu gerra komertzialak, eta, bart, xehetasunetan sartu gabe, Europari begira jarri zen mandatari estatubatuarra. Jakinarazi zuen EBtik esportatutako altzairuari eta aluminioari % 25eko muga-zergak ezartzeko asmoa duela.
Berehala etorri da Bruselaren erantzuna. Hasteko, argitu du oraingoz ez duela Trumpek iragarritako zergen gaineko "jakinarazpen ofizialik" jaso, eta ez, beraz, "xehetasunak eta argibideak izan arte", ez duela gaiari buruz hitz egingo. "Ez diegu erantzungo halako iragarpen orokorrei. Ez dago inolako justifikaziorik EBko altzairuari eta aluminioari muga-zergak ezartzeko", azaldu du EBk, gaur kaleratutako ohar labur batean.
Ursula von der Leyenek zuzentzen duen erakundearen arabera, europarren "negozioen, langileen eta kontsumitzaileen interesak defendatuko" dituzte, "justifikaziorik ez duen edozein neurriren aurrean". Gainera, komunikatuak zehazten du muga-zergak ezartzea "legez kanpokoa" izateaz gain, "ekonomikoki kaltegarria" litzakeela. "Bereziki, EBren eta AEBren artean eraikita eta errotuta dauden produkzio-kateei eta harreman komertzialei egingo liekete kalte muga-zergek".
Gainera, EBren iritzian, zerga horiekin Trump bere "herritarrei eta negozioei" kostuak areagotzen ari zaizkie, "inflazioa elikatzen" ari baita. Arantzelek "ziurgabetasun ekonomikoa areagotzen" dutela eta "mundu mailako merkatuen integrazioa koloka" jartzen dutela ere nabarmendu du Europak idatzian.
Frantzia
Gaiaren gainean hitz egin duen lehen herrialdia Frantzia izan da. EBri exijitu dio AEBko produktuei berehala muga-zergak ezar diezazkion. "2018an ere ezarri zituen arantzelak AEBk eta erantzun egin genion. Orain, berriro erantzungo diogu", esan du Jean-Noël Barrot, Frantziako Atzerri gaietarako ministroak.
TF1 telebista-katean goizean egindako adierazpenetan, Barrotek ukatu egin du gerra komertziala hasi nahi dutela, baina argitu du erantzuna beharrezkoa dela: "Bruselak esan zigun prest zegoela erantzuteko, momentua iristen zenean, eta iritsi da momentua (...). Gure interesak kaltetzen direnean, ez da zalantzarik izan behar".
Europako Banku Zentrala
Bere aldetik, Luis de Guindos Europako Banku Zentraleko presidenteordeak esan du gerra komertziala ekidin egin behar dela, eta horretarako, Trumpen Administrazioarekin "negoziatzea" eskatu du. Bere hitzetan, "jarrera irekia" izatea komeni da, baina batak bestea "zapaldu gabe".
"Oso garrantzitsua da jarrera irekia izatea, baina parekoak zu zapaldu gabe. Aintzat hartu behar da, baita ere, askotan hasierako iragarpenak gero ez direla betetzen", esan du De Guindosek, RTVEn egin dioten elkarrizketa batean.
Erantsi du Trumpen Gobernuak "erreminta ekonomikoak" erabiltzen dituela "helburu politikoak" lortzeko, eta, beraz, munduko lehen ekonomikoaren paradigma aldatu egin dela.