Mundua -
ADIMEN ARTIFIZIALA
Muskek 97.400 milioi dolarreko eskaintza egin du OpenAI enpresa erosteko
Berehala erantzun dio Sam Altman OpenAI konpainiako idazkari kontseilariak, X sarean idatzitako mezu baten bidez: "Ez, eskerrik asko, baina nahi baduzu guk Twitter (orain, X) erosiko dugu 9.740 milioiren truke".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elon Muskek OpenAI konpainia erosi nahi du, teknologiaren eta adimen artifizialaren garapenerako mundu mailan dagoen enpresarik garrantzitsuenetakoa. Inbertitzaile talde batekin batera, 97.400 milioi dolarreko (94.500 milioi euro) eskaintza egin du Donald Trump AEBko presidentearen gobernukideak. Hala zabaldu zuen, atzo, The Wall Street Journal (WSJ) hedabideak.
Oraingoz, enpresak ez dio ofizialki erantzun eskaintzari, baina Sam Altman OpenAIren idazkari kontseilariak X sarean idatzitako mezu labur batean aurreratu du euren jarrera zein izan litekeen: "Ez, eskerrik asko, baina nahi baduzu guk Twitter (orain, X) erosiko dugu 9.740 milioiren truke", esan dio Muski.
WSJ hedabidearen arabera, Musken abokatuak, Marc Toberoffelek, atzo helarazi zion OpenAIko zuzendaritzari eskaintza idatziz, argudioak zehaztuz. "Ordua da OpenAIk hasieran zuen indarra berreskuratzeko, kode irekiarekin eta segurtasunean zentratuta. Hori hala izan dadin lan egingo dugu", dio Muskek, eskaintza defendatzeko bere deklarazioan.
Egun, irabazi asmorik gabeko erakunde batek kontrolatzen du OpenAI konpainia, baina zenbait informazioren arabera, 2025 honetan enpresa komertzial bilakatzeko lanean ari dira, adimen artifizialaren merkatuan kapitala handitzeko.
Hain zuzen, 2015ean Muskek eta Altamek elkarrekin jarri zuten martxan OpenAI, baina handik lau urtera egun munduko gizon aberatsena denak erakundea uztea erabaki zuen.
Antza, orain, Musken asmoa da, erosketak aurrera eginez gero, xAI eta OpenAI taldeak batzea.