Mundua -

GAZAKO SU-ETENA

Netanyahu: "Hamasek bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, gerra itzuliko da"

Bestalde, Hamasek Netanyahuri berriro eskatu dio su-eten akordioa "hitzez hitz" bete dezan, gatibuak askatu nahi baditu.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Kabinetean aho batez onartu nuen erabakia hau da: Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta Armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", esan du gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bideo mezu batean, larunbaterako aurreikusitako hiru gatibuei edo lehen faseko bederatziei buruz ari den zehaztu gabe.

Israelgo funtzionario batek, bere herrialdeko prentsari egindako adierazpenetan, argitu du 9 gatibuak oraindik bizirik daudela, eta su-etenaren lehen faseko 42 egunetan askatu behar zituztela.

Israelgo auzitegi batek atzeratu egin zuen astelehenean Netanyahuren kontrako ustezko ustelkeria auzi bat, Times of Israel egunkariak jakitera eman duenez. Rebecca Friedman-Feldman Jerusalemgo barrutiko epaileak adierazi zuen saioa atzeratu zuela, su-etenaren azken gertakariak "premiazkoak" zirela ikusita. Netanyahuk epaiketa atzeratzea eskatu zuen, osasun kontuak direla eta.

Modu horretan, buruzagi sionistak Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ordu batzuk lehenago egindako mehatxu bera errepikatu du. "Nire ustez, bahitutako guztiak larunbateko 12:00etarako askatzen ez badituzte, une egokia litzateke Gaza infernu bilakatzeko", adierazi du Trumpek Bulego Obalean egindako agerraldi batean. "Denak utzi behar dituzte libre, ez apurka-apurka: aurrena, bi; gero, bat; ondoren, hiruzpalau... Larunbata, 12:00etan. Horren ondotik, infernua", nabarmendu du.

Ohar baten bidez, Israelgo Armadak baieztatu du tropa eta erreserbista gehiago bidali dituela Gazatik gertu dagoen hegoaldeko banalerrora, "hainbat agertokitarako prestatzeko".

Bestalde, Hamasek su-eten akordioa "hitzez hitz" betetzea eskatu dio berriro Netanyahuri, gatibuak askatu nahi baditu, Mahmud Mardawi zuzendaritza politikoko kide batek EFE albiste agentziari jakinarazi dionez.

"Netanyahuk hitzez hitz bete behar du ituna. Horrek guztiak ziurtatuko du ondo eta atzerapenik gabe aurrera egitea, eta bi aldeetako presoak askatzea", adierazi du Mardawik mezu batean.

AEBko presidentearen eta Jordaniako erregearen arteko bilera, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

AEBko presidentearen eta Jordaniako erregearen arteko bilera, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

AEBko presidentea Abdala II.a Jordaniako erregearekin bildu da gaur, Etxe Zurian. Bilera horren aurretik, Trumpek berretsi du larunbata dela Hamasek israeldarrak askatzeko azken eguna, preso palestinarren truke. Agintari estatubatuarrak baietz erantzun du kazetari batek data hori gatibuak askatzeko "epemuga" gisa mantentzen ote zuen galdetu dionean.

Bileraren hasieran, erregeak adierazi du minbiziaren edo beste gaixotasun batzuen aurkako tratamendua jasotzen ari diren eta gaur egun Zerrendan dauden 2.000 haur Jordanian hartuko dituztela, "ahalik eta azkarren". Trumpek atseginez hartu ditu haren hitzak eta esan du "benetan ederra" dela.

Hala ere, joan den astean Abdala II.ak berak ohartarazi zuen Palestinako lurraldeen estatusa aldatzeko eta herritarrak kanporatzeko "edozein saiakeraren" aurka egingo duela, eta Palestinako Estatu independentea bermatuko duen bi Estatuen konponbide baten beharra azpimarratu zuen.

NBEko errelatoreak, Trumpen egitasmoaren gainean: "Kolonialismoaren urte ilunetara itzultzea ekarriko luke"

Zentzu horretan, NBEko giza eskubideei buruzko 30 bat errelatorek eta adituk gaur ohar bateratu batean errefusatu egin dute AEBk Gazaren kontrola hartzea. Ohartarazi dute, halaber, Trumpek joan den astean botatakoa gauzatuko balitz, "konkista kolonialaren urte ilunetara itzultzea" izango litzatekeela.

"Potentzia batek horren ageriko urraketak tabu globala hautsiko luke eraso militarrei dagokienez, eta beste herrialde batzuk atzerriko lurraldeez jabetzera bultzatuko lituzke, bakerako eta giza eskubideetarako ondorio suntsitzaileak eraginez", erantsi dute.

Azpimarratu dutenez, "AEBk lurraldea okupatzeak gatazka betikotuko luke, heriotza eta suntsipena eragingo lituzke, Israelek Palestinan mende erdiko okupazioak bakerik eta segurtasunik ekarri ez duen bezala".

Oharra sinatu dute, besteak beste, Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeak Palestinako Lurraldeetarako duen errelatoreak, Irene Khan adierazpen askatasunerako homologoak eta Paula Gaviria Betancurrek (barne desplazatuen eskubideak).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ultraeskuina Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu