Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Ukrainari buruzko negoziazioak, Labrazako parke eolikoa eta salaketa EHUn
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko otsailaren 13an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Ukrainako gerrari buruzko negoziazioak: Donald Trump eta Vladimir Putin AEBko eta Errusiako presidenteek Ukrainako gerrari buruzko negoziazioak "berehala" hasteko konpromisoa hartu dute. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, Trumpek irtenbide negoziatua eman nahi dio Ukrainako gatazkari. "Putinek, aldiz, gogorarazi egin du gatazkaren hasierako kausei ere heldu behar zaiela", gehitu du. Putinekin hitz egin eta gero, Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari deitu dio. "Trump presidenteak esan bezala, egin dezagun", esan du Zelenskik, solasaldiaren ostean, sare sozialetan.
- Labrazako parke eolikoa: Oiongo Udalak argi berdea eman dio Labrazan parke eolikoa eraikitzeko plan bereziari. EAEn ia 20 urtean eraikiko den lehen parke eolikoa izango da, hain zuzen ere, eta 200 metroko zortzi aerosorgailu izango ditu. Baimen guztiak eskuan izanik, Labrazako proiektuari baiezko botoa ematera behartuta daudela nabarmendu du Jose Manuel Villanueva alkateak (EH Bildu), bozketa egin aurretik. Bilkura tentsio handikoa izan da: udaletxearen kanpoaldean, dozenaka pertsonak protesta egin dute proiektuaren eta Udalaren aurka, eta oihuak areto barruan entzun dira uneoro.
- EHUko irakasle baten aurkako salaketa: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) emakumezko ikasleek irakasle bat salatu dute jazarpenagatik eta ukituak egiteagatik. Salaketa guztiak anonimoak dira, eta Instagrameko Euskal Herria Salaketak kontuaren bidez atera dira argitara. Guztietan, kontakizunak antzekoak dira. Emakumezko ikasleek irakaslearen bulegoan gertatutako izaera sexualeko jazarpenez, ukituez eta komentarioez hitz egiten dute. EHUk onartu du "hainbat salaketa formal" jaso dituela, eta, horren ostean, genero-indarkeriari aurre egiteko protokoloa aplikatu dio salatutako irakasleari, baina ez du argitu eskolak emateari utziko dion gertatutakoa argitu arte.