Mundua -

AEB

Trumpek gerra komertziala deklaratu dio Europar Batasunari, eta muga-zergak ezarriko dizkio

Europan produktu guztiei ezartzen zaien BEZagatik onartu ditu muga-zergak AEBko presidenteak. "Merkataritzan erabat basatia" izatea leporatu dio Trumpek EBri. Muga-zerga berriak ez dira berehala sartuko indarrean, "asteak" edo "hilabeteak" igaroko dira.

Donald Trump. EFE
Donald Trump. EFE
Donald Trump. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak iragarri du muga-zergak ezarriko dizkiela AEBko produktuak zergapetzen dituzten herrialdeei, herrialde horiek AEBko esportazioei aplikatzen dizkieten tarifen parekoak jarrita. Erabaki horren kaltetu nagusietako bat Europar Batasuna izango da.

"Justizia arrazoiengatik, muga-zergak ezartzea erabaki dut, eta horrek esan nahi du herrialde batek AEBri ordainarazten badio guk gauza bera kobratuko diogula, ez gehiago ez gutxiago", azaldu du Trumpek Bulego Obalean.

Muga-zerga berriak ez dira berehala sartuko indarrean, "asteak" edo "hilabeteak" igaroko dira, eta AEBrekin merkataritza defizit handiena duten estatuak zigortuko dituzte, goi-funtzionario batek memoranduma sinatu aurretik azaldu duenez.

"Mundu guztia AEBz aprobetxatu da, eta prezio altua ordaindu dugu horregatik. Ameriketako Estatu Batuek herrialde askori lagundu die, finantza kostu handiarekin urteetan zehar. Bada garaia herrialde horiek euren alde egin duguna gogoratzeko eta gu modu justuan tratatzeko", adierazi du Trumpek.

Trumpek sinatutako agiriak AEBrentzat nazioarteko merkataritzan tratu "bidegabea" eragin duten bi alde ditu hizpide: beste estatu batzuek AEBko esportazioei ezarritako muga-zergak eta "muga-zergarik gabeko hesiak" deiturikoak, araudietatik hasi eta dibisa-trukeagatiko tasetaraino.

Estatu bakoitzak muga-zerga pertsonalizatuak izango ditu, aipatu funtzionarioaren arabera. Ez da % 10eko edo % 25eko tarifa uniformea aplikatuko; aitzitik, Washingtonek tasa bereziak ezarriko ditu, estatu bakoitzak AEBri ezartzen dizkion muga-zergen eta "oztopoen" arabera.

Kritika gogorrak EBri

Agintaria bereziki kritikoa izan da Europar Batasunarekin, eta "merkataritzan erabat basatia" izatea eta BEZaren (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) bidez "ezkutuko zerga" inposatzea leporatu dio Bruselari, Luxenburgoren % 17 eta Hungariaren % 27 artekoa baita.

"Bada arrazoi bat Alemaniak guk saltzen dizkiegunak baino auto gehiago saltzeko, eta ez da kalitateagatik edo estatubatuar diseinuagatik. Praktika komertzial desleialengatik besterik ez da, eta hori larria da. Muga-zerga ezkutua da", salatu du Trumpek.

Goi-funtzionario batek EFEri azaldu dionez, baliteke Europako automobilgintza sektoreak tarifen igoera nabarmen bati aurre egin behar izatea. Gaur egun, Washingtonek % 2,5eko zerga ezartzen die inportatutako ibilgailuei, baina baliteke % 27ra igotzea.

Gaur egun, EBk % 10eko muga-zerga ezartzen die inportatutako ibilgailuei, Europar Batasuneko BEZaz gain (gutxienez % 17koa da). Beraz, politika berriarekin, AEBk tarifa baliokidea aplikatuko luke, % 10eko muga-zerga eta BEZari dagokion ehunekoa batuz, eta horrek tasa % 27raino igo lezake.

Trumpek dagoeneko % 25eko muga-zergak ezarri dizkio mundu osoko altzairu eta aluminio inportazioei, eta martxoaren 12an sartuko dira indarrean.

Gainera, hilabetez atzeratu zituen Mexikori zein Kanadari ezartzekoak diren % 25eko muga-zergak. Txinari jarritako muga-zergak, ordea, indarrean sartu dira. Txanpon berarekin erantzun zion Asiako erraldoiak, eta % 10 eta % 15 arteko muga-zergak ezarri zizkion, otsailaren 10etik aurrera AEBtik inportatutako zenbait produkturi.

BRICS taldeko estatuei ere mehatxu egin die

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak BRICS+ blokea ere mehatxatu du. Hasieran Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika estatuek osatu zuten eta gerora zabaldu den taldeari esan dio dolarrarekin "jokatzen" badute % 100eko muga-zergak ezarriko dizkiela.

"BRICS asmo txarrarekin sortu zuten", esan du handi-mandiak, eta "dolarrarekin jokatzen badute, egun berean % 100eko muga-zergak ezarriko dizkiegu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Merkataritza