Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
EBk erantzun "irmo eta berehalakoa" agindu du AEBk iragarritako muga-zerga berrien aurka
Europako Batzordearen arabera, ez dago arrazoirik Ameriketako Estatu Batuek inportatutako produktuei ezarritako muga-zergak handitzeko. Are gehiago, "okerreko norabidean" emandako pausoa dela nabarmendu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak beste pauso bat eman du munduaren aurkako gerra komertziala hasteko, "elkarrekiko muga-zergak" iragarrita. Horrela, Ameriketako Estatu Batuetatik Europara esportatutako produktuei ezartzen dizkieten zerga berdinak aplikatuko dizkie Europatik datozen produktuei.
Europar Batasunak neurriaren aurkako erantzun "irmoa" eta "berehalakoa" agindu du, "justifikaziorik gabea" eta "okerreko norabidean" emandako pausoa dela iritzita.
Gaur goizean zabaldutako ohar baten bidez Europako Batzordeak azaldu duenez, "urrats bat da okerreko norabidean". Halaber, Europar Batasunak Europako enpresak, langileak eta kontsumitzaileak justifikaziorik ez duten muga-zerga horien aurrean babestuko dituela nabarmendu du.
Europako Batzordearen arabera, muga-zerga baxuenak dituztenen artean kokatzen da Europar Batasuna, eta, hortaz, ez dago Europako produktuen gaineko muga-zergak handitzeko "inolako arrazoirik".
Halaber, Europako Batzordearen iritziz, nazioarteko merkataritzak aurrera egiteko, arau gardenak, aurreikus daitezkeenak, eta muga-zerga baxuak behar dira.
Gainera, EBk hamarkada askotan muga-zergak eta bestelako merkataritza oztopoak murrizteko besteak beste AEBrekin lan egin duela azpimarratu du.
Azkenik, Europar Batasunak inportazioen % 70i baino gehiagori ez diela muga-zergarik aplikatzen adierazi du, eta batez besteko muga-zerga munduko "baxuenetakoa" dela.