Mundua -
Istripu kimikoa
1.800 pertsona lekuz aldatu dituzte Alemanian, gas isuri batengatik
Alemaniako agintariek larrialdi-egoera aldarrikatu dute istripua gertatu den gunean, eta 500 metroko eremuan suhiltzaileak bakarrik daude.
Erredakzioa
Alemanian istripua gertatu da elikagaien enpresa bateko kimika instalazio batean, eta, ondorioz, Alemaniako agintariek ingurua jendez hustu dute. Orotara, 1.800 pertsona inguru mugitu behar izan dituzte lekuz Saxonia Behereko estatuan. Halaber, larrialdi-egoera aldarrikatu dute agintariek, Alemaniako egunkariek argitaratu dutenez.
Istripua izan den gunetik 500 metroko eremuan suhiltzaileak bakarrik daude. Halaber, ikastetxeak, haurtzaindegiak eta inguruko autobidea itxi behar izan dute. Etxetik atera behar izan dituzten pertsonak aterpetxeetara eraman dituzte, baina egunean zehar euren etxeetara itzuli daitezkeela aurreikusten dute agintariek.
Gertaera astelehenean izan zen, eta ustekabean azido bat isuri zuten soda kaustikoa zegoen edukiontzi batean, Kraft Food enpresako Heike Hauerken bozeramaileak Alemaniako “Bild” egunkariari jakinarazi dioenez.
Bi substantziak elkarrengandik banatzen ahalegindu ziren enpresako langileak, baina orduan gas isuria izan zen, Stepahn Meier suhiltzaileen bozeramaileak jakinarazi duenez. Gasa korrosiboa eta gizakiarentzat kaltegarria da, arnastu edo azalarekin kontaktuan jarriz gero, gaineratu du.
Egoerak okerrera egin du gaur “Bild” egunkariaren arabera. Soda kaustikoa zegoen edukiontzian tenperatura igo da gaur goizean, Barbara Blohberger Kraft Food enpresako bozeramailearen hitzetan. Istripua eragin duten produktu kimikoak garbiketa lanetarako erabiltzen dira, Carsten Boldt lantegiko arduradunak jakinarazi duenez.