Mundua -
Nazioarteko eztabaida
Vance eta Zelenski Municheko Segurtasun Konferentzian bildu dira
Gaur izan da lehenengo bilera, baina iragarri dute ez dela azkena izango, gerrari amaiera ematea helburu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AEBko presidenteordea, J.D. Vance, eta Ukrainako presidentea, Volodimir Zelenski, Municheko Segurtasun Konferentzian bildu dira gaur. Horrekin, Donald Trump presidentearen administrazioak gerrari amaiera emateko Errusiarekiko negoziazioetan eman beharreko hurrengo urratsak aztertuko dituzte bi aldeek, Vancerekin batera dauden hedabideek jakitera eman dutenez.
Bilera berandu hasi da, AEBk Ukrainari denbora gehiago eskatu baitio Washingtonek asteazkenean aurkeztutako akordio-proposamenari Kievek emandako erantzuna aztertzeko. Proposamen horren arabera, estatubatuar enpresek Ukrainako baliabide naturalak baliatuko lituzkete, AEBk Errusiak inbaditutako herrialdeari ematen dion babesaren truke.
"Batez ere, Trump presidenteak iragarri zuen bezala, gerrari amaiera ematea da helburua. Sarraskia gelditzea nahi dugu, baina bake iraunkorra lortu nahi dugu, ez Mendebaldeko Europan hemendik urte gutxira berriro gatazka sortzea eragingo duen bakea", adierazi du Vancek bileraren ostean, AEBko hedabideen arabera.
AEBko presidenteordeak gaineratu du Ukrainako solaskideekin gai horren inguruko "elkarrizketa onak" izan dituela, eta "datozen egunetan, asteetan eta hilabeteetan" beste elkarrizketa batzuk izango dituztela.
Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzeko Ukrainak duen ustezko jarrera faltaz galdetuta Vancek erantzun duenez, "garrantzitsua da elkartzea eta hori lortzeko beharrezkoak izango diren elkarrizketak izaten hastea".
"Elkarrizketa ona izan dugu gaur, gure lehen topaketa, eta ez azkena, ziur nago", adierazi du Zelenskik.
60 urteko ibilbidean izango duen edizio erabakigarrienetakoa du aurtengoa Municheko Segurtasun Konferentziak. AEBko presidente Donald Trumpen eta Ukrainako buru Volodimir Zelenskiren arteko elkarrizketak han bildutakoen arretagune izango dira, zalantzarik gabe.
Trumpek atzo iragarri zuen AEBko, Errusiako eta Ukrainako ordezkariek bilera egingo dutela gaur Alemanian. Errusiak, baina, gezurtatu egin du bere herrialdeko ordezkaritza ofizial batek Konferentzian parte hartuko duela. Zelenskik, bere aldetik, esan du ez duela Trumpek iragarritako hiru aldeen arteko bileraren berririk.
Bestalde, EBko buruzagiek eta Munichen bildutako ordezkari europarrek erronka izango dute indarrak batzea, prozesu horretan Europa atzean gera ez dadin.
Lehen hitzaldiak
J.D. Vancek adierazi du Europako herrialdeak ikuspuntu "alternatiboak" alde batera uzten ari direla. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere hitz egin du, eta esan du "gerra komertzialek eta muga-zergek" ez dutela zentzurik. Horren aurrean, Trumpek iragarritako "justifikaziorik gabeko muga-zergek" erantzuna izango dutela iragarri du.
NATOren idazkari nagusi Mark Rutte ere aritu da horretaz, eta azpimarratu du "akordio handia" adostu behar dutela, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren amaiera "iraunkorra" izan dadin. Horrez gain, erantsi du AEB Europako herrialdeei argibideak eskatzen ari zaiela.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ostiral honetan Municheko Segurtasun Konferentzian egindako adierazpenen arabera, AEBk Europarekin bat egin behar du Errusiarekin gerraren amaiera negoziatzeko plan bat garatzeko, eta berretsi du ez berak ez ukrainarrek ez dutela Ukrainari buruzko erabakirik onartuko Ukrainaren onespena ez badu.
Era berean, Zelenskiren aburuz, Ukraina NATOn sartzea da aukerarik "onuragarriena", bai Ukrainarentzat, bai AEBrentzat, baita gainerako kideentzat ere. Horrela, etorkizunean ere Aliantzan sartzen saiatuko dela aurreratu du, eta berriro esan du NATOtik kanpo dagoen Ukrainak bere indar militarra garatu beharko duela Errusiatik babesteko, eta kopuru bat jarri du: "Milioi eta erdi soldaduko armada bat behar dugu, su-eten baten edo antzeko zerbaiten ostean, Errusiaren okupazio edo inbasio berri baten beldur izan nahi ez badugu".
Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Gaietarako goi-ordezkariak adierazi duenez, Europar Batasunak "aukera asko ditu garai nahasi hauetan", baina deitoratu du ez dela gai izango AEBk nazioarteko erakundeetan utzitako hutsunea betetzeko.
Bestalde, Volker Türk Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi-komisarioak ohartarazi du mundua "aldaketa sakona" izaten ari dela, eta nazioarteak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik garatu dituen "giza eskubideen tresna guztien muinera" iritsi dela, Nazio Batuen sortze-gutunera, besteak beste.