Mundua -
Gerra komertziala
Trumpek muga-zergak iragarri ditu automobilgintza sektorean apirilaren 2rako
Iaz AEBko autoen merkatuan saldutako ibilgailuen erdiak inportatuak izan ziren. Adibidez, Volkswagenek AEBn saldutako ibilgailuen % 80 eta Hyundai-Kiak saldutakoen % 65 inguru inportatuak izan ziren.
agentziak | eitb media
Donald Trump AEBko presidenteak ostiralean iragarri zuenez, automobilgintza sektorerako muga-zergak ezarriko ditu apirilaren 2tik aurrera, eta esan du ez duela egun bat lehenago egingo bertako inuzenteen egunean izan ez dadin.
"Apirilaren 1ean jarriko nituzke indarrean. Sinets iezadazue. Baina superstiziosoa naiz. Asmoa apirilaren 1erako zen, baina 2an egitea proposatu nuen. Badakizue zenbat galtzen den egun bakar batean? Baina apirilaren 2an egingo dugu", adierazi zuen prentsaren aurrean, Etxe Zurian egindako agerraldian.
AEBko produktuei muga-zergak jartzen dizkieten herrialdeei "elkarrekiko muga-zergak" ezartzeko agindua sinatu eta biharamunean iragarri du automobilgintza sektorerako neurria.
Muga-zerga berriak ez dira berehala sartuko indarrean, "aste edo hilabete batzuk barru" baizik, eta merkataritza defizit handiena duten herrialdeak izango dira ordaintzen lehenak.
Automobilgintza sektorearen aurkako mehatxuak Japonia, Alemania eta Hego Koreako marka handiei eragingo die. Iaz AEBko autoen merkatuan saldutako ibilgailuen erdiak inportatuak izan ziren. Adibidez, Volkswagenek AEBn saldutako ibilgailuen % 80 eta Hyundai-Kiak saldutakoen % 65 inguru inportatuak izan ziren.