Mundua -

SEGURTASUN KONFERENTZIA

Vanceren diskurtsoak haserrea eragin du Alemanian eta zenbait europar buruzagiren artean

"Ez dugu onartuko kanpotarrek gure demokrazian eta gure hauteskundeetan esku hartzea", esan du Scholzek. Oposizioko buru Friedrich Merzek ere kritikatu du Vanceren diskurtsoa, baita Frantziako Atzerri ministroak ere.

Alemaniako kantziler Olaf Scholz. Argazkia: EFE
Alemaniako kantziler Olaf Scholz
Alemaniako kantziler Olaf Scholz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko presidenteorde J.D. Vancek atzo emandako diskurtsoari erantzunez, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek esan du ez duela onartuko atzerritarrek Alemaniako demokrazian eta hauteskundeetan esku hartzea. Izan ere, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarraren alde egin zuen ostiralean Vancek.

"AfDk arinkeriaz esaten du nazionalsozialismoa eta horrek eragindako krimen larriak —gizateriaren aurkakoak— 'kaka hutsa' direla", adierazi du Scholzek Municheko Segurtasun Konferentzian.

Alemaniako gobernuburuak gogora ekarri du Europako demokrazia begiz jo zuen berbaldi polemikoa eman baino egun bat lehenago Vancek Munich ipar-ekialdeko kontzentrazio-esparrua bisitatu zuela —41.500 pertsona hil ziren bertan, gosez, gaixotasunek jota, erailda eta kartzelaratzeen ondorioei aurre egin ezinda—. Horregatik, azpimarratu du garrantzitsua dela "triskantza" hura gogoan izatea, "berriro gerta ez dadin".

Hori horrela, Scholzek argi utzi du halako hondamendirik ez gertatzeko konpromisoa ez dela bateragarria AfD alderdiari babesa ematearekin, eta "horregatik, ez dugu onartuko kanpotarrek gure demokrazian eta hauteskundeetan esku hartzea".

Batean eta bestean eragin du haserrea Vanceren diskurtsoak Europako zenbait buruzagik ere kritikatu baitute.

Alemanian bertan, oposizioko buru Friedrich Merzek, otsailaren 23ko hauteskundeetako hautagai faboritoak, AEBri eskatu dio errespeta dezala hauteskunde-prozesua, eta nabarmendu du Atlantikoaren bi aldeen arteko harremanak kinka larrian daudela.

Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek ere bat egin du Alemaniako Gobernuak egindako kritikekin. "Inor ez dago gure eredua jarraitzera behartuta, baina inork ezin digu berea inposatu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Alemania Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Olaf Scholz