Mundua -
POLEMIKA FRANTZIAN
Bayrou Frantziako lehen ministroaren dimisioa eskatu dute, eskola bateko abusuak ezkutatu izana egotzita
Betharram ikastetxe katolikoko biktimen elkarteak jakitera eman duenez, 112 salaketa daude eta Paueko Fiskaltza ikertzen ari da. Bayrou Frantziako Hezkuntza ministroa zen abusuen berri izan zutenean. Gainera, bere seme-alabetako bik han ikasi zuten eta emazteak ikastetxean lan egin zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
François Bayrou, duela bi hilabetetik Frantziako lehen ministroa dena, oposizioaren jomugan dago berriz ere. Oraingo honetan, 90eko hamarkadaren erdialdean, Frantziako Hezkuntza ministro zen bitartean, Pirinio Atlantikoetako eskola katoliko batean gertatutako abusu fisiko eta sexualak ezkutatzea leporatzen dio oposizioak, eta dimisioa emateko eskatu du.
Otsailaren 5ean Mediapart egunkariak argitaratutako erreportaje batetik abiatu da polemika, eta ondorio politikoak izan ditzake epe laburrean; izan ere, Bayrouren kargua gehiengo ahul batek sostengatzen du Asanblea Nazionalean, eta gehiengo hori bertan behera gera daiteke oposizioaren zati batek lehen ministro izaten jarraitzeko baldintzarik ez dagoela uste badu.
Gobernuko burua polemika itzaltzen saiatu da, eta horretarako, hiru ordu eta erdiz bildu da Betharram ikastetxe katolikoko biktimen elkarteko ordezkariekin. Pauetik gertu dago Betharram, eta bertako alkatea ere bada Bayrou.
Gainera, zabaldu denez, Bayrouk bestela ere ondo ezagutzen du eskola; izan ere, bere seme-alabetako bi, gutxienez, itunpeko ikastetxe horretan eskolaratuta egon ziren, eta emazteak katekesia eman zuen bertan.
112 salaketa
Biktimen elkarteak jakitera eman duenez, 112 salaketa daude, eta Paueko Fiskaltza ikertzen ari da. Salaketa horietako gehienak sexu-abusuengatik edo indarkeria-ekintzengatik dira, eta akusatuak langile erlijiosoak dira.
"Masaileko bategatik jarritako lehen salaketaren berri izan nuenean (belarrondokoa jaso zuen haurra partzialki gor geratu zen), ikastetxeari ikerketa orokor bat egiteko eskatu nion berehala", adierazi du Bayrouk, Alain Esquerre biktimen elkarteko bozeramailearekin batera egindako adierazpen inprobisatu batzuetan.
Frantziako Gobernuko buruak esan du ez duela "sexu-abusuen kasuen berri", eta iragarri du fiskal talde bat buru-belarri lanean jarriko duela "amaieraraino" iristeko.
Oposizioaren jarrera
Frantziako oposizioaren zati handi batek abusuak saihesteko ezer egin ez izana leporatzen dio, edo eta, are okerrago, horien berri izanda ere ezer egin ez izana.
"Hau guztia argitu behar da; lehen ministroak egia esan behar du, egia osoa, larritasun handiko gai bati buruz hitz egiten ari garelako", esan du Jordan Bardella Bilgune Nazionala (RN) eskuin-muturreko alderdiko presidenteak. Marine Le Pen buru duen alderdi hori funtsezkoa da Bayrouren gobernuak aurrera egin dezan, eta litekeena da zentsura-mozio baten alde bozkatzea.
Ezkerreko alderdi nagusia, Frantzia Intsumisoa (LFI), oso haserre dago. "Gezurra esan du, berak salatu du bere burua. Dimisioa eman behar du ", adierazi du Jean-Luc Melenchon LFIko buruak. Politikari beteranoak Bayrouren balizko kontraesanak aipatu ditu: astearen hasieran Asanblea Nazionalean esan zuen Betharramgo abusuen berri ez ziotela eman Hezkuntza ministroa izan zenean, eta gaur bertan onartu du 1996an ikerketa bat agindu zuela.