Mundua -
Austria
Austriako Gobernuak baieztatu du larunbateko atentatua "eraso islamista" izan zela
Barne ministroak aurreratu du, lehen ikerketen arabera, Estatu Islamiarrarekin lotura zeukala, baina ez zuela aurrekari polizialik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Austriako Gobernuak "eraso islamista" gisa sailkatu du 23 urteko siriar jatorriko gizon batek Villach hirian atzo, larunbata, egindako atentatua. 14 urteko haur bat hil eta beste bost pertsona zauritu zituen.
Gerhard Karner Barne ministro kontserbadorearen hitzetan, "erasotzaile islamistak" egoitza-baimena du Austrian, eta Internet bidez erradikalizatu zen.
Prentsaurrekoan zehaztu duenez, lehen ikerketen arabera, Estatu Islamikoarekin lotura zuen erasotzaileak, baina ez zeukan polizia-aurrekaririk.
16:00ak jo orduko jazo zen erasoa, Viena hegoaldean dagoen 58.000 biztanleko hiri batean, Villach hiriaren erdigunean.
Oinez zihoazen pertsonen kontra oldartu zen atxilotua, labana bat eskuan zuela, eta, dirudienez, Estatu Islamikoari zuzendutako hitzak egin zituen atentatua egin zuen tokian bertan.
Hilketagatik eta hilketa saiakeragatik ari dira ikertzen.