Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelgo segurtasun kabineteak bilera du gaur su-etenaren bigarren fasea negoziatzeko
AEBko Estatu idazkari Marco Rubiok, bestalde, Israelgo presidente Isaac Herzogi esan dio Trump "irmo" dagoela, eta "bahitutako pertsona guztiak etxera itzultzeko konpromisoa" beteko duela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk biltzera deitu du bere segurtasun kabinetea, Gazako su-etenaren bigarren fasearen negoziazioari heltzeko. Otsailaren 3an ziren hastekoak meniaren bigarren fasearen gaineko negoziazioak, baina oraindik ez dute hizketaldirik izan.
Gaur biltzeko erabakia bezperan hartu du Netanyahuk, AEBk Ekialde Hurbilean duen ordezkari Steve Witkoffekin telefonoz hitz egin ostean, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
"Lehen ministroak ordezkari bereziari esan dio talde politikoa eta segurtasun kabinetea deituko dituela bihar (astelehenagatik) akordioaren bigarren faseaz jarduteko", gaineratu dute.
Fox AEBko telebista-kateari egindako adierazpenetan Witkoffek esan du astean zehar ere hitz egiten jarraituko dutela, "oraindik erabakitzeke dagoen lekuren batean". Netanyahurekin, Qatarko lehen ministroarekin eta Egiptoko inteligentzia zerbitzuetako buruarekin —biak dira meniaren negoziazioetan bitartekari— hitz egin ondoren egin ditu adierazpen horiek. "Bigarren fasea hasiko da", erantsi du.
Hamas talde islamiarrak bitartekariei (Egipto, Qatar eta AEB) negoziazioak susta ditzatela eskatu eta gutxira iragarri da gaurko bilera.
Rubiok bahituekin duten konpromisoa berretsi du
AEBko Estatu idazkari Marco Rubiok, bestalde, Israelgo presidente Isaac Herzogi esan dio Trump "irmo" dagoela eta "bahitutako pertsona guztiak etxera itzultzeko konpromisoa" beteko duela.
"Ez hartu atsedenik, ez isildu, ez ahaztu, guztiak etxean egon arte", adierazi du Rubiok Herzogekin batera komunikabideen aurrean bilera hasi baino lehen egindako agerraldian.