Mundua -
Adimen artifiziala
Elon Muskek Grok 3 jarriko du airean, "munduko adimen artifizial azkarrena", OpenAIren ezezkoa jaso ostean
Dirudunak esan du tresna "ikaragarri adimentsua" dela. Hain zuzen ere, ChatGPTren jabe den OpenAIk igande honetan formalki eman dio ezezkoa Musken eta beste inbertsore batzuen erosketa eskaintzari.
agentziak | eitb media
Elon Musk dirudun hegoafkikarrak iragarri du Grok 3, bere konpainiaren adimen artifizialeko tresnaren hirugarren bertsioa, aireratuko duela astelehen honetan, eta bere funtzionamenduaren azalpen praktikoa emango duela.
"Groken aireratzea eta erakustaldia, zuzenean, astelehen iluntzean, 20:00etan (Pazifikoko ordua, Euskal Herriko 03:00). Munduko adimen artifizial azkarrena", adierazi du enpresariak X sare sozialean.
Iragarpenaren ostean, Muskek zehaztu du xehetasun batzuk lotzea falta zaiela eta tresna "biribiltzeko lanean" ari dela bere lantaldearekin.
Grok 3, "inteligentzia ikaragarria" duen tresna, Grok 2ren ondorengoa da. Txata eta X sare sozialean irudiak sortzeko gaitasuna du, besteak beste.
Musken iragarpenaren aurretik, OpenAIk, ChatGPTren jabeak, formalki ezezkoa eman dio enpresari hegoafrikarrak eta beste inbertitzaile batzuek egindako erosketa eskaintzari; 97.400 milioi dolarreko eskaintza egin zion (92.800 milioi euro inguru).